Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak hamabi urte baino gehiago daroatza harremanetan Getxoko Udalagaz; harreman horretatik sortu dira Iparra Galdu Gabe bezalako programak. Ekimen hori bi urtean behin egiten da eta bere helburua da Ipar Euskal Herria Getxon ezagutaraztea. Urriaren 26tik azaroaren 20ra zazpigarren edizioaz gozatu ahal izango da, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako hamaika atal ezagutzen. Ekitaldi gehienak kulturari dagozkion ekarpenak izango dira, berbarako Barkoxeko Maddi Oihenart musikariaren "Doi" diskoaren aurkezpena; Haize Othondoren "Ozeanoaren Konkista" itzal-antzezlana; Bea Salaberri idazlearen "Baionak ez daki" liburuaren gaineko literatura-berbaldia, Egizu elkarteak antolatutakoa; "Neskatoak" eta "Dominica" film-dokumentalen emanaldia eta berbaldia; Zarena Zarelako dantza-taldearen "Herrikoa" ikuskizuna; eta Kuxkuxtu txarangaren kantu-jira.
Hizkuntza berbagai
Halere, Ipar Euskal Herriko egoera politikoak eta linguistikoak eta bertako hezkuntza-sistemak ere presentzia izango dute aurtengo Iparra Galdu Gabe jardunaldietan. Azaroaren 16an, esaterako, "Herria eta hizkuntza" izeneko solasaldia izango da Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Gonbidatuak izango dira Battitta Boloqui Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko zuzendaria eta Hélène Charritton Baionako Etxepare lizeoko zuzendaria. Ezaguna denez, Ipar Euskal Herriko udalek Herri Elkargo edo mankomunitate bakarra sortuko dute datorren urtarrilaren 1ean. Bestalde, Etxepare Lizeoa lehengo sailkatu da Frantziako Estatuan Baxoa edo selektibitateko diploma-emaitzetan.
Datozen ekitaldiak
Urriak 26, eguaztena
- 19:30 "Neskatoak" eta "Dominica" dokumentalen emanaldia, Algortako kultur etxean. Ondoren, berbaldia Jon Abril zuzendariagaz eta Eli Arrillaga artzain eta protagonistagaz. Euskaraz, gaztelaniazko azpitituluakaz. Doan.
Urriak 27, eguena
- 19:30 "Baionak ez daki" liburuaren gaineko berbaldia Bea Salaberri idazleagaz, Torrene erakusketa-aretoan. Egizuk antolatuta. Euskaraz. Sarrera, doan.
- Pintxo-potea, Algortako eta Itzubaltzetako hainbat tabernatan: San Nikolas ibilbideko ostatuak, Taberna Berri, Lainoa, Gure Etxea eta Arotza.
Urriak 29, zapatua
- 12:30 Herrikoa dantza-ikuskizuna Senpereko Zarena Zarelako taldeagaz, Algortako Telletxe plazan. Sarrera, doan.
- 13:00 Kantu-jira Kuxkuxtu txarangagaz, Algortako Telletxe plazan. Sarrera, doan.