Fadurako zubia ordezkatzeko lanak hasi ditu URAk

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 26a, 11:35

Lanek irauten duten bitartean ordezko pasabidea erabili behar da. © GETXOKO UDALA.

Martxan dira daborduko Algortako Fadura kiroldegiaren inguruko zubia ordezkatzeko lanak. Azpiegitura berriak, zaharraren aldean, bestelako tipologia eta geometria izango ditu, ur-hustutze ahalmen handiagoa izan dezan.

Azpiegitura berriaren pilotajea egin da eta estribuak eraiki; azkenik, zubi berriaren taula jarri da, aldez aurretik desbideratutako zerbitzu guztiak ordezkatzeko.

Zubiak 18 metro luze eta 13 metro zabal izango da; 5 metroko bidea edukiko du, oinezkoentzako bi espaloi izango ditu eta 3 metroko bidegorria jarriko dute. Egitura eraikitzeko, hormigoi armatuko habeak jarri dira, aurreatezatuak. Habe horien gainean instalatuko dira hainbat taula, eta horien gainean, zoru asfaltikoa. Halaber, metro bat altuerako babes barandak jarriko dira.

Lanak datorren urteko hasierarako amaituko dira, eta horiek bukatuta guztiz osatuta geratuko da Getxon, Cristobal Valdés hustubidearen eta Berangoko mugaren artean, Gobelako bederatzi zubiak ordezkatzeko egitasmoa. Hortaz, ibaiaren arro osoan ahalmen hidraulikoa handiagotuko da, ur-goraldien arriskua murriztuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun