Telebistan estreinatu aurretik, ETBko telesailaren lehen atala ikusteko aukera egongo da Areetan. Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk ekoiztutako telesailak udaleku zorrotz batean euskal neska eta mutil talde baten ibilerak dauzka ardatz. 2008an ETB1eko filmik ikusiena bilakatu zen Pausokak egindako "Go!azen" telebistarako filma, eta ondoren 12 ataleko telesail sorta egin zuten. Telesailak Espainiako Telebista Akademiaren saria jaso zuen haur/gazte saio onenaren sailean, eta izendapena ere jaso zuen Rose D'Or sari entzutetsuetan.
Zortzi urte geroago, berriro zabalduko dute Basakabi udalekua, ikasle talde berri bat hartzeko. Umorea, maitasuna eta musika tartekatuko ditu telesailak hamar ataletan. Bizitza aldatuko zaie uda horretan bertan egongo diren neska eta mutilei.
Paula eta Aitana Etxeberria, Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Lorea Iribar, Markel Gajate, Haritz Morras, Aritz Mendiola, Asier Burguete eta Oihan Moreno aktore gazteak lehen aldiz jarriko dira kameraren aurrean telesail batean. Eurakaz batera, Ramon Agirre (Zuzen) aktore ezagunak zuzendari gogorrarena egingo du berriz ere eta Barbara Rivas (Irati) Basakabiko ikasle izan ondoren irakasle berri gisa itzuliko da. Horrez gainera, "Go!azen"-en lehen aldiz arituko dira Borja Uribesalgo eta Karmele Larrinaga.