Getxoarte Praktika Garaikideen Aretoaren aurtengo edizioak 2014an hasitako bideari jarraituko dio, gaur egungo artearen mundua zabaltzeko eta jendeari hurreratzeko; horretarako, bost programaz baliatuko da.
Alde batetik, Programa Orokorrak ordezkaritza komertziala ez duten artisten 30 diziplinarteko proposamen hartuko ditu, banakakoak zein taldekakoak. Proiektu horietatik 12 euskal artistenak dira, eta gainerako 18ak beste jatorri batzuetako sortzaileenak.
Beste alde batetik, Programa Hezigarrian, artistek zein bisitariek hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute, berbarako helduentzako bisita gidatuak eta tailerrak. Umeentzako tailerrak ere izango dira Getxoarten, gaztetxoek sorkuntzaren mundua ezagutu dezaten modu ludikoan.
Bestalde, Programa Kuratoriala ere egongo da; horretan, artista eta arte-komisarioen esperientziak eta ikuspegi profesionala gerturatuko dizkie Programa Orokorreko artistei zein azokan egongo den jendeari.
Horiez gainera, Programa Zabalduan, artearen mundua eta horregaz zerikusirik ez duten beste arlo batzuk jorratuko dira. Aurten, grafismoa lantzen duen La Taller gunea eta Fem Box ikerlana izango dira protagonistak. Fem Box hautatu dute Perimetroak beka jasotzeko. Beka hori Getxoko Udaleko Berdintasun Arloagaz eta Getxo Kirolak erakundeagaz elkarlanean bultzatu du Getxoartek, eta artearen bitartez lotzen ditu kirola eta generoaren ikuspegia, kasu honetan emakumeen boxeoaren mundua du ardatz.
Azkenik, Programa Eszenikoak erakutsiko du arte garaikideak eta diziplina eszenikoak uztartzen, dantza eta performanceak kasu.
Getxoarte-Artium saria eta 2.000 euro emango diote epai-mahaiak aukeratuko duen lanaren egileari.
Ekitaldi batzuk
Azaroak 4, barikua
- 11:00 Inaugurazioa.
- 17:00 Bisita gidatua Getxoartetik, Programa Orokorreko artistakaz.
- 19:00 Bisita gidatua Nora Aurrekoetxeagaz.
- 19:00 Usoa Fullaondo artistaren berbaldia.
- 20:30 Jaime de los Ríos eta Lander Etxebarria Algortako Musika Eskolako kideen kontzertua.
Azaroak 5, zapatua
- 12:30 Bisita gidatua Nora Aurrekoetxeagaz.
- 17:00 Komisarioen topaketa eta berbaldia.
Azaroak 6, domeka
- 11:00 Bisita gidatua Nora Aurrekoetxeagaz.
- 12:30 Umeentzako "Lauki zuzenak eta espazioak" tailerra, Teo Arkibiriakegaz.
- 16:00 Elkarrizketa irekiak, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleakaz.
- 18:30 Eduardo Hurtado Getxoarteren egitarau-zuzendariaren berbaldia.