"Aurten aurreko edizioan baino bi establezimendu gehiagok hartuko dute parte, eta berritasun bezala, pintxoek osagai sekretu bat izango dute eta hori asmatzen dutenak sari batzuen zozketan sartuko dira eta baita horri buruzko testua euskaraz idazten dutenak ere", azaldu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak. Bi modalitatetako parte hartzaileek mezua WhatsApp bidez 684 265 831 telefono zenbakira bidali beharko dute.
Lehiaketa azaroaren 5, 6, 12 eta 13an izango da, zapatu eta domeketan, goizetan eta eguerdietan, eta establezimendu bakoitzak pintxo bakarra aurkeztu ahal izango du, euro bateko prezioan. Izenak euskaraz egon beharko du. Txartelean agertu beharko dira elaborazioan erabili diren osagaiak –bat izan ezik, sekretua dena, publikoak lehiaketaren bitartez asmatu beharrekoa-. Pintxoaren elaborazioa libre izango da, tradizionala izan ezik.
Aste-akabu bietan udalerriko hainbat talde ibiliko dira giro euskaldunaren presentzia areagotzen laguntzeko, besteak beste, Argia Kantari Kanta, Itxarkantu, Itzubaltzeta Kantuz, trikitilariak, Musikalia elkartearen Martxing Band… eta ostalariei euskal musika duen CD bana emango diete.
Sari-banaketa
Lehiaketaren epaimahaia aste-akabu bietan parte hartzen duten 58 establezimenduetatik pasako da eta aintzat hartuko ditu pintxoaren zaporea, originaltasuna eta euskararen erabilera; puntuazio altuena lortzen duten bost pintxoak finalistak izendatuko dituzte epaileek. Ondoren, horiek pintxoa zuzenean egin beharko dute berriro azaroaren 15ean Fadurako Ostalaritza Eskolan. Bertan izen handiko sukaldari batek aukeratuko du pintxo irabazlea eta udalerriko kultur alorreko eragile nabarmen batek osagai sekretuei buruzko testu hoberena erabakiko du.
Horrez gainera, hiru aipamen berezi egingo dira: euskararen erabilera, barrarik onena eta pintxo tradizionala (oraingoan patata tortillarik onena sarituko da). Inazio Uriarte Ekonomia Sustapeneko zinegotziak herritarrak animatu ditu aipatutako aste-akabu bietan Getxora hurbiltzeko pintxoak dastatzera, "kalitate handikoak izango direlako".