Getxo Saskibaloi Taldea, aparta izateko bidean

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 26a, 18:06

Ehunka jokalari, tekniko eta zaleak batu ziren pasa den barikuan Faduran.

Klub handia da Getxo Saskibaloi Taldea, “aparta” ere izan gura du. Mezu horregaz, bere 23 taldeen aurkezpena egin zuen pasa den barikuan, Faduran. Denera, 257 jokalari, 30 entrenatzaile eta laguntzaile, 3 koordinatzaile eta zaleen familia zabal bat dira. Jokalarien %55 emakumeak dira; entrenatzaile eta laguntzaileen artean, %30 dira, oraindino.

Fadurako harmailak bete egin ziren pasa den barikuan. Ez zegoen partidarik eta ez zuen inork hiruko zoragarririk bota 6,75eko marraren atzeko aldetik. Ez zen beharrezkoa izan; ehunka lagunek arreta, gogo eta errespetu handiz jarraitu zioten Bizkaiko klub klasikoa den Getxo Saskibaloi Taldearen aurkezpenari.

Aste-akabuetan ohi duten legez, kantxaren erdira atera ziren talde denak, banan-banan; Bizkaiko eta euskal saskibaloiaren kategoria denetan Getxoren koloreak defendatuko dituzten jokalariak. Eskola Kiroletan dabiltza hamaika talde, minibasketean hasi eta gazte-mailaraino; federatutakoak, hamabi dira. 13 emakumeek osatzen dituzte, beste hamar gizonezkoek. Publikoak txalo-zaparradaz hartu zituen jokalari eta entrenatzaile denak.

Bihotz handiko kluba

Klubak duen talde-kopuru handia eta haietaz arduratzen diren entrenatzaileen ekarpena nabarmendu zituen Getxo Saskibaloi Taldearen presidente Carlos Sergiok. Era berean, berba onak izan zituen zale-talde zabalarentzat. Azkenik, azpimarratu zuen Fran García, David Saiz eta Alberto Lodeiro koordinatzaileek egiten duten behar handia. Harmailetakoek berretsi zituzten Sergioren goraipamenak, txalo-zaparrada zaratatsu eta bero batez. Presidentearen ustez, kirol-elkarteak “bihotz handia” dauka. Horrez gainera, Getxo Saskibaloi Taldea “klub handia” dela ziurtatu zuen ehunka lagunen aurrean, hanka sartzeko inolako aukera barik. Izan ere, “azken urteotan hazteko egindako lan onari esker” gaur egun “kirol proiektu ona” daukatela agertu zuen. Horregatik, eskaera batzuk egin zizkien klubaren estamentu denei. Hasteko, “klub handia” izatetik “aparteko kluba” izateko bultzada eskatu zien batutakoei, nork bere ekarpena eginda. Elkarteak denak harroarazteko konpromisoa eskatu zien jokalariei eta entrenamenduetan eta partidatan nork bere onena eman dezan aholkatu zien, Getxo Saskibaloi Taldean pasatu zituzten garaiak gogora ekartzerakoan “zoragarria” izan zela esateko aukera izan dezaten hemendik hogei urtera. Baina gogorarazi zien “horretarako modu bakarra” dagoela, “egiten duzuen kontu orotan bihotzaren %100 ipintzea”.

Eredugarriak izatea

Harmailetako zaleei, horietako asko eta asko jokalarien gurasoak direnei, Albert Einstein fisikariaren aipu bat oparituz, hurrengo eskaera egin zien: “eredugarria izatea ez da hezteko modurik onena, bakarra baino”. Horregaz batera, eredugarriak izateko eskatu zien zaleei. “Partidetara joaten zaretenean, jendeak esan dezala Getxok zelako zale apartak dituen; zein ondo jokatzen duten; zein ondo irabazten duten; eta zein ondo galtzen duten ere bai”, esan zien Faduran batutakoei Carlos Sergiok. Ostera, eskaera zuzenagoa egin zien kantxan zeuden gurasoei: “gure neska-mutilek ikasi behar duten egunetan kontuan har ezazue entrenamendua ere haien ikasketa-prozesuaren barnean dagoela”, kirolak ere, “pertsona gisa heziko baititu”.

Bestalde, denei eskatu zien errealistak izatea: “hemendik oso jende gutxi biziko da saskibaloiaz. Espero dezagun baten bat egotea, guztiontzat pozgarria litzateke”.

Akabuan, 2016-17 denboraldirako klubaren argazki ofiziala atera zuten; gerora, Fadurako garagardotegian eguneko anekdotak eta liga eta txapelketa ezberdinetarako asmoak partekatu zituzten, mokaduren baten bueltan. Ekitaldian, hurrengoek parte hartu zuten: Germán Monge Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren presidenteak, Álvaro González Getxoko Udaleko Kirol zinegotziak eta Txutxo Sanz, Bilbao Basket Fundazioaren ordezkariak, besteak beste.

Neska gazteak eta Villanueva

Fadurako aurkezpenaz gainera, beste kontu batzuk ospatu ditu saskibaloi-klubak. Batetik, emakumeen gazteen eskola-taldeak garaipena lortu zuen denboraldiko lehenengo partidan, Ayalde ikastetxearen sariketa irabazita. Getxoko neskek Ayalde eta La Salle taldeak garaitu zituzten, ohiko partidatan, hirukoen jaurtiketan eta trebetasun-txapelketan. Bestetik, umeen errendimendu-taldeko jokalari Mikel Villanueva deitu du Bilbao Basket taldeak, datorren zapatutik martitzenera Madrilen jokatuko diren Kopa txikiaren kanporaketetan parte har dezan. Erlantz Pazos eta Javi García teknikoak ere han izango dira.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun