Jardunaldiak eguaztenean eta gaur, barikuan, izan dira, EHUk antolatutako ekimenaren barruan. Gazte zein heldu, haur zein nerabe, inguruarekiko jakin-mina duten pertsona guztiei zuzendutako ekimena da, aukera izan dezaten zientzia ikusteko, entzuteko, sentitzeko eta eztabaidatzeko, egunez egun zientzian aritzen direnakaz.
"Punta Begoñako ezkutuko sekretuak" izenburupean, tailer guztiek ildo nagusi bat jorratu dute: galerietan gaur egun egiten ari diren azterlan zientifikoaren prozesua. Hala, ikasleek askotariko materiala aztertu ahal izan dute: agiriak, planoak, argazkiak, ikus-entzunezko euskarriak, artxiboak eta margoak, besteak beste. Modu horretan, eraikinaren historia ulertu ahal izan dute eta EHUko ikertzaileak nola ari diren hura ikertzen ikusi ahal izan dute.
Ikasleek hiru jarduera mota landu dituzte ikerketa lanak egiteko: tailer ikonografiko bat, eraikinak bere dekorazioaren bitartez eman dezakeen informazioa interpretatzen ikasteko; tailer dokumental bat, artxiboko lanen teknikak eta lanon zailtasunak ikusteko; eta lekukotasun tailerra, memoria sozialak ondareari balioa emateko duen garrantzia agerian jartzeko.
Tailerretan, parte hartzeko jolasak eta dinamikak erabili dira, printzipio zientifikoak oinarri hartuta; berbarako, arrazoibide hipotetiko-deduktiboaren erabilera, teoria bat osatzeko ebidentzien batura, informazioa zorrotz erregistratzeko prozesu baten garrantzia…