Orain dela bi urte, Euskadiko Badminton Federakuntzak Enrique Bernardos kantabriarrari proposatu zion kirol hori Bizkaian sustatzeko proiektua aurrera eroatea. Bere hitzetan, "ideia biziki gustatu zitzaidan, zortzi urte daramatzat oso lotua kirol honetara". Horren ondorioz, orain dela bi urte talde bat sortu zuen Bilbon, eta aurten, Bilboko taldearen bulkadaz, beste bat jaio da Algortan: Badminton Getxo. Bernardos talde horretako presidentea eta entrenatzailea da. Horrez gainera, Fernando Rivasen laguntzailea ere bada, Carolina Marínen entrenatzaile nagusiarena. Carolina Marín egungo txapeldun olinpikoa da, eta bere ospeari esker badmintonak gorakada izugarria izan du.
"Egia esan, Getxo gehien babestu gaituen herria da; izan ere, orain instalazioa daukagu, Fadurakoa, Getxo Kirolakek utzi diguna. Bertan, entrenamenduak egin ditzakegu, eta badmintonari ekiteko erraztasun ugari eskaini dizkigu. Oraintxe, hoberen funtzionatzen duen taldea hemengoa da, bai haurrentzat bai nagusientzat irekita dagoena" dio Bernardosek.
Lehen mailako trebakuntza
Gaur egun klubak 30 bazkide inguru ditu eta lehen mailako trebakuntza eskaintzen die. Fadurako bigarren pilotalekuan entrenatzen dute, astelehenetan eta eguaztenetan, arratsaldez. Taldeko hainbat jokalari, taldea sortu aurretik badmintonagaz lotura zutenak, buruz buruko txapelketetan ibiltzen dira maila guztietan, euskal lurraldean zein estatu-mailako kategorietan.
Era berean, "begiraleak trebatzen gabiltza eta Getxoko ikastetxe eta institutuakaz harremanak etengabe bilatzen gabiltza, erakusketak egiteko eta kirol hau aisiarako aukera ere badela ezagutarazteko". Taldearen helburu nagusia, oraingoz, badmintona txikienen artean sustatzea da, nahiz eta, talde getxotarreko entrenatzaileak gogorarazi duenez, adin denetan egin daitekeen kirola den. Geroago, epe luzean, beste motatako asmoak etorriko dira, hala nola talde bat ligako lehen mailan izatea, betiere etxeko jendeaz osatuta.
Kirol zorrotza
Kirol horrek Indian du jatorria (poona izena zuen), eta ingelesek euren kaxara moldatu zuten ondoren. Gaur egun, Bernardosen arabera, mundu-mailan gehien praktikatzen diren kirolen artean bigarrena da, batez ere Indonesian, Txinan, Japonian eta Indian. Erraketa-kirola da, baina antzekoak diren beste batzuek ez bezala, ez da pilotarik erabiltzen, pilota-erdi lumaduna baizik. Buruz buruko eta binakako modalitateetan jokatzen da, hiru setetara, eta sare garai batek erdibitzen duen pista laukizuzen batean. Ezaugarri nagusiei dagokienez, azkarra, gogorra, bizia eta teknikoki oso zaila; oso zorrotza da. "Atsegina, interesgarria eta merkea da", gehitu du Bernardosek. Horregatik, getxoztarrak izena ematera animatzen ditu. Horretarako, Fadurako bigarren pilotalekura jo dezakete entrenamendu-orduetan (17:00etatik 20:00etara), edota getxobad@gmail.com edo sare sozialen bidez ere harremanetan jar daitezke. Webgunea BadmintonBizkaia.com da.