Bea Salaberri: "Ez dut nire burua hainbeste kokatzen idazle moduan"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko aza. 7a, 13:05

HODEI TORRES

Bea Salaberri Larre (Donamartiri - Nafarroa Beherea, 1979) idazleak irakurleakaz berba egiteko aukera eduki zuen urriaren 27an, Algortako Torrene aretoan. Momentuz, liburu bakarra idatzi du baxenabartarrak: 33 kontakizunez osatutako "Baionak ez daki" (Susa, 2015). Iparra Galdu Gabe jardunaldien barruan eskaini du solasaldia Getxon, UKITXek gonbidatuta.

Plazaratu duzun lehenengo liburua da "Baionak ez daki". Hala ere, bada aspaldi idazten duzula, ezta?

Idazten hasi nintzen eta, gero, pixka bat publikatzen ere bai... errango nuke, duela lau edo bost urte. Lehenagotik ere idazten nuen, baina ez modu jarraikian; gauza oso ezberdinak ziren. Gero, gogoetak publikatzen hasi nintzen nire blog batean; lanari, euskarari... lotuak ziren gehienak. Bestalde, banituen testu batzuk, eta momentu batean erabaki nuen pauso hori ematea; testu horiekin ere zerbait egitea. Horren emaitza da "Baionak ez daki".

Zergatik erabaki zenuen liburua argitaratzea?

Ipar Euskal Herrian, arlo kultural batzuetan, hala nola, dantzan, bertsolaritzan... berpizkunde bat bada. Egia da, beste arlo batzuetan gutxiago dela. Ni beti izan naiz AEK-ko langile eta irakaslea, eta beti euskararen alde egin dut. Baina, momentu batean ari nintzen, beharbada, euskal gizarte horrek eman didanaren ekarpen bat banukeela egiteko. Niri gustatzen zitzaidana idaztea zenez, naturalki pauso hori egin nuen. Asmoa zen nik ere ekarpen txiki bat egitea mundu kultural horretan, pretentsio handiegirik gabe. Horrela abiatu nintzen proiektu honetan.

Idazlea izateko beharrezkoa da liburua kaleratzea...

Ezetz erraiten da: ez duela liburu batek egiten idazlea eta, batzuetan, idazleak badirela libururik publikatu gabe... ez dakit. Dena den, idazle-etiketa horrekin nik nekeziak baditut. Liburu bakarra atera dut; hain xumea da; gauza txiki bat da... Ez dut nire burua hainbeste kokatzen idazle moduan.

Zer aurki dezakegu "Baionak ez daki" liburuan?

Irakurleak aurkituko ditu baiones baten esperientzia pertsonalak, molde pixka bat poetiko batean jarriak... Narrazio txiki batzuk izanen dira, independenteak batzuk besteengandik; baina, guztien artean horrelako bilduma bat edo konstelazio bat osatzen dute, eta baiones baten figura agertzen da, bere etsipenekin, pozekin, gogoetekin, haustura pertsonalekin...

Bazterrean gelditu ohi diren gauza txiki eta ezdeusetan oinarritu omen zara liburua osatzen duten kontakizun laburrak idazteko.

Beharbada, garai batean, nire begirada gauza txikietan zentratzen zen; emozio biziki handiak sentitzen nituen detaile batzuekin. Hainbat gogoeta eta oroitzapen pizten ahal zizkidaten gauza txiki horiek. Hortik hasi nintzen; eklektikoki eginak, banituen idatzi batzuk. Horiek osatzen joan nintzen baiones horren ikuspegi ezberdinetatik: langile batek, ama batek, militante batek... nola ikusten zituen gauzak. Anitzetan, txikikeria hori aitzakia bat da; abiapuntu bat da, baina, gero, irekitzen dituen gogoetek ekartzen dute zabaltzen den gaia. Zerbait orokorragoa agertzen da.

Horrenbestez, ez da euskal gai sakonak irakurtzea gogoko duten irakurleentzat pentsatutako liburua.

Nik uste, norbaitek pentsatzen badu badela hor baiones baten analisia, sakona, kanpo begirada batetik, bere egoera edo posturen inguruko hausnarketa bat izanen dela... hori ez du aurkituko. Irakurleekin izan ditudan inpresioek hori agertzen dute; jendeak gauza txiki batzuk ikusten ditu. Beharbada, idazle batek pertsona batengan jarriko luke begirada: egiten duena, pentsatzen duena... hortik ondorio batzuk aterako lituzke eta, seguru asko, pertsonaia horrek ekingo luke. Nirean, egia da, gehiago, kamera pixka bat emana dela pertsonaiaren barnerantz; eta filmatzen dela gehiago berak nolako pertzepzioa duen munduaz, baina, ez horrenbeste analisietan. Nik ez nuen horretan erori nahi, nola erran... literaturan, irten izan zaizkit anitzetan orrialde luzeetako analisi horiek. Ni ez naiz gai sentitzen horrelako gauzak egiteko eta, anitzetan, astunak egiten zaizkit.

Hala ere, hausnartzeko aukera ematen du?

Nik uste dut badirela hainbat ideia hortik direnak. Ateak irekiak dira: batzuetan formulazioak aski irekiak dira eta nork bere interpretazioa egin beharko du; baina, hala ere, gauza batzuekin, bai, ageri dira, garbiki, baionesak arazo bat duela gizarteak jartzen dion eredu derrigortu batekin, teknologiaren garapenak ekartzen duen kontraerranekin... Holako gai politiko-sozial batzuk agertuko dira eta horien inguruko iritzi bat agertuko da; baina, gero, hortik, analisi bat orokortzea, bakoitzari dagokio.

Zein duzu gogokoen kontakizun denen artetik?

Gehien maite dudana? Hori ez dakit. Denak nire txikiak dira. Agian, parasolarena, euritakoarena. Bertan ibilbide bat kontatzen da: karrika batzuetan gaindi, euripean, pertsona batek besteari luzatzen dio aterki bat, eta badoaz biak elkarrekin. Niretzat irudikatzen du jendearen arteko elkartasun edo hurbiltasun bat, egunerokotasuneko keinu txikiak... Hori idatzi nuenean, hastapenetan ez, baina gero etorri zitzaidan gogorat nola anitzetan ibilbide hori orain zendua den nire lagun batekin egiten nuela. Egia da berari pentsatuz idatzi nuela hori. Berekin ibili izan gara hortik goizean goiz, lanerako bidean, eta, egia da, anitzetan parasola batekin gindoazela; iruditu zaizkit momentu horiek biziki inportanteak. Lanera baino lehen trukatzen diren bi gauza horiek... Txiki horretan oso inportanteak ziren momentu horiek.

Hainbat irakurle-klubetan parte hartu duzu.

Urtebete izango da atera dela liburua; denbora horretan, Ipar Euskal Herriko zenbait tokitan ibili naiz; eta Hego Euskal Herrian, Gipuzkoan gaindi, Nafarroan... Hara! Eta gustura beti. Ahal dudanean banoa; maite dut irakurleekin topatzea eta ikustea haiek zein interpretazio egin duten testuarekin. Batzuetan badira gauza harrigarriak, espero ez zenituenak. Goxo da jendearekin egotea; nik maite dut.
Harrera biziki ona ukan dut orain arte eta, gainera, kritikak onartzen ditut; dena dut ikasteko. Liburua berriz irakurri nuenean, ni ere kontziente naiz gauza batzuk, beharbada, ezberdin egingo nituela gaur. Algortako solasaldian batek erraten zidan zaila egin zitzaiola hiztegi-mailan. Kontziente nintzen hortaz; ez nuen pentsatzen hainbesterako zenik, baina jakitea ondo da.

Idazle batentzat beharrezkoak dira horrelako saioak izatea irakurleakaz?

Nik uste dut baietz. Berriz diot: idazle-etiketarekin ez dut nire burua identifikatzen... Idazten duzularik bakarrik ari zira; bakardadea mundu handi bat da. Ez dakit nola den Hego Euskal Herrian; baina, Ipar Euskal Herrian, adibidez, idazleen arteko holako topagunerik ez da. Beharbada, gutxi garelako, beste mila gauzetan gabiltzalako... baina, ez da. Beste kultur espresioetan ere ez: ez da antzerkilarien plataformarik... Egia da goxo dela, momentu batean, zuk egin duzun lan baten inguruan biltzea lan hori irakurri duen jendearekin; eta hortik ere ikastea, bakardadea hautsiz, pixka bat.

Ipar eta Hego Euskal Herria urrun edo hurbil nabaritzen dituzu?

Hurbil sumatzen ditut; puntu komun anitz badira. Nik uste dut indartu behar dena batasunarena dela, elkarrekin komunean dena... eta horretan dela ekin behar, eta hortik eraiki behar dela. Gero, egunerokotasunean, muga sentitzen da: fisikoa, administratiboa... Bizimodu ezberdintasun bat ere sentitzen da. Baina, horretan oinarrituko bagina eta hori azpimarratuko bagenu... nik uste, hori ez dela konstruktiboa. Horretaz ohartu eta horri itzulia eman behar diogu: elkarlana nola egin daitekeen, nola gara daitezkeen proiektuak komunean, nola egin daitezkeen trukaketa batzuk elkar ezagutzeko... Arlo guztietan gauza batzuk badira, bata bestearen ondotik jarrita, egin dezaketenak hurbiltze hori lagundu. Baina, gero, berriz diot: hurbiltasun handia bada, hizkuntzak berak egiten duena. Gainera, gero eta ekintza gehiago egiten dira bide horretan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun