Azaroaren 12an eta 13an erabateko protagonistak izango dira ekialdeko komikiak Getxon; aurton ere Manga Jaialdia ospatuko dute. Bi egunez, Areetako Xake plazako karpak 23 saltoki izango ditu eta, horietan, manga-nobedadeak, anime-filmak (japoniar animazioa), bookart-ak eta bestelakoak erosi ahal izango dituzte bisitariek. Gainera, asteburu osoan zehar hainbat jarduera egongo dira. Zenbait manga-elkarte arduratu dira jaialdiaren egitaraua antolatzeaz. Ohi den legez, jendearen parte-hartzea bultzatu gura dute horien bitartez.
Lehiaketen atalean nabarmendu behar da bideo-jokoen txapelketa. Aurten, League of Legends eta Hearthstone jokoak aukeratu dituzte. Bestalde, ez dira faltako ohiko sariketak: berbarako, cosplay (mozorroak), Otaku Talent (anime- edo manga- zalerik onena saritzen duen lehiaketa), karaoke eta dantza txapelketak.
Tailerrek ere garrantzi handia edukiko dute aurtengo jaialdian. Bisitariek Japoniako tradiziozko jolasak (GO, adibidez) ezagutzeko, manga-komikien ilustrazioa egiteko edota papercraft-a (paperezko figurak hiru dimentsiotan) egiten ikasteko aukera izango dute. Halaber, 3D animazioa, gozogintza, fantasia-makillajea, cosplay-erako objektuak eta bideo-jokoen diseinua egiteko tailerrak egongo dira, besteak beste.
Berbaldi eta mahai-inguruei dagokienez, aurten gai asko jorratuko dira; adibidez, bideo-jokoen sorkuntza Euskal Herrian, bideo-jokoen narratiba eta diseinua eta cosplay-a. Aurtengo egitaraua Full Metal Harmony taldearen kontzertuagaz eta Ryota Hayatsu japoniarraren berbaldiagaz borobilduko dute.