Memoriaren Eguna ospatuko dute bihar Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 9a, 16:59
2015ean ere Memoriaren Eguna ospatu zen. © GETXOKO UDALA.

Bihar, eguenean, Memoriaren Eguna ospatzea erabaki du Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. Hala, bost minutuko elkarretaratzea egingo dute, eguerdiko 12:00etan, udaletxeko eskaileretan. Getxoztar eta gizarte erakundeetako ordezkari guztiak gonbidatuta daude ekitaldian parte hartzera. Halaber, adierazpen instituzionala onartu dute.

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du, Eudel EAEko Udalen Elkarteak udal guztietara igorritako proposamena oinarritzat hartuta. Proposamen honek, EAJ, PSE-EE, Ciudadanos eta GUK talde politikoen babesa jaso du; EH Bildu abstenitu egin da, azaroaren 10eko oroitzapen-ekitaldian izateko borondatea agertu badu ere. Ordezkari abertzaleak etorkizunean gai hauen lanketa modu parte hartzailean egiteko eskatu du, beharrezkoa den denbora guztia eskainiz alderdi politiko orok bere ekarpenak egin ditzan. PP, bestalde, aurka agertu da, oroitzapenean biktima guztiak parekatzen direla arrazoituta. GUK taldetik adierazi dute, era berean, adostutako deklarazioa ez zaiola nahikoa iruditzen, halere, adostasunaren mesedetan "arazo barik" onartu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun