Arraizak proba amaitu ostean azaldu zuenez, "kontrolatzen joan naiz atzean June fuerte zetorrelako. Elkarregaz atera gara baina gero ni joan egin naiz. Kontrolatzen joan naiz karrera osoan. Oso lasterketa polita da: ibilbide gogor xamarragaz, baina ondo. Oso ondo ibili naiz", esan zuen Arraizak.
Gizonezkoetan, Dabid Garcia faborito durangarrak egin zuen lehenengo, eta zazpigarren aldiz irabazi zuen Soraluze-Bergara lasterketa. Aitor Mimenzak bigarren egin zuen, eta Oier Ariznabarretak hirugarren. Garciak ez zeukan argi irabazterik izango zuenik: "banekien gaur hemen irabaztea gaitza izango zela. Arin irten gara eta jada laugarren kilometroan hiru bakarrik egon gara —Garcia bera, Oier Ariznabarreta eta Aitor Mimenza—. Oier aurreratu egin da bakarrik eta seigarren kilometroan edo berriz elkartu gara. Zazpigarren kilometroan pentsatu dut nire momentua zela. Aurrera joan naiz eta ondo irten da".
Handbike kategorian, Jone Bazterra izan zen emakume azkarrena eta Jon Galarraga gizonezko azkarrena. Patinetan, berriz, Nagore Montes izan zen emakume azkarrena eta Aitor Vacas gizonezko azkarrena. Patinetako kirol egokituan Alain Irazu izan zen irabazlea.
Antolatzaileak gustura agertu dira lasterketak emandakoarekin. Gora doa izena ematen duten emakumeen kopurua. Parte hartzaileen %20 izan dira emakumeak aurtengo lasterketan.
Sari banaketa ekitaldian bi omenaldi ere izan ziren. Hankalabanka elkarteak "Kuxi" omendu zuen urteetan egindako lanagatik. Antxintxika elkarteak, berriz, elkarteko presidente Aitor Rementeria. Kasu horretan ere elkartearen alde egindako lanagatik.