Itxas Argiak mendi-astea abiatuko du astelehenean

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 17a, 10:00

Cecilia Buil eskalatzen. © CECILIA BUIL

Getxoko Itxas Argia mendi taldeak antolatuta, datorren astelehenetik eguenera, hilaren 21etik 24ra, Mendiaren Nazioarteko Astearen XVIII. aldia izango da. Bertan parte hartuko dute Isa Garcíak, Cecilia Builek, Tente Lagunillak eta Alex Txikonek. Saio denak Fadurako areto nagusian izango dira, 19:30ean.

Astea irekitzeko, astelehenean Isa García alpinista barakaldarrak iazko uztailean eta abuztuan Indiako Himalaiara egindako espedizioa azalduko du. Garcíak gogora ekarri duenez, "gure helburu nagusia Indiako ipar ekialdeko Kaxmir aldean dagoen Num mendia igotzea zen". Numek 7.135 metroko altuera dauka. Espedizioa Ladhak eskualdeko Leh hiritik sartu zen eta Kaxmirko hiriburutik, Srinagarretik, atera zen. Horrez gainera, Indiako hiri deigarrienetako batzuk bisitatu zituzten.

Hurrengo egunean, martitzenean, Cecilia Buil eskalatzaile aragoiarrak honako proiekzioa emango du: "Bertikalean bidaiatu: munduan zehar bideak irekitzen harri eta izotzetan". Bertan, aurkeztuko du 2014an Piedra Boladan, Mexikoko hormarik handienean, egin zuten lehenengo eskaladan. Balentria hartan, Builen espedizioak 14 egun eman zituen zintzilik. Ostean, zuzenean azalduko du "HuEllas on ice 6.1" proiektua. Ekimenak sei kontinenteetan zabaldu gura du izotz bide bana. Tartean, Txilen, Turkian, Hego Afrikan eta Zeelanda Berrian. AEBetako Girls Education International Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz batera, proiektuak lagunduko du hainbat ekimen neska musulmanen heziketa bultzatzeko.

Alex Txikon

Hirugarren saioan, eguaztenean, Tente Lagunilla mendizale palentziarrak "Annapurna" dokumentala aurkeztuko du. Bertan, 2012ko udaberrian Carlos Soria eta "beste lagun on batzuekin" egin zuen Annapurnarako espedizioa kontatu dute. Ekimen hura parte bat zen Soriak darabilen 14 zortzimilak lortuko dituen alpinistarik adinekoena bihurtzeko erronkan. Ikus-entzunezko material horretan, "mendi eder baina arriskutsu horretan jasan genituen hiru elur-jausi" ikusteko aukera dago.

Azken jardunaldian, Alex Txikon eskalatzaile lemoarrak itxiko du Mendiaren Nazioarteko Astea. Bere berbaldia izango da "Nanga Parbat (8.126 metro): Neguko aurreneko igoera erronkatzat". Itxas Argiako kideek azaldu dutenez, "Munduko alpinismoaren historian azpimarra daitezkeen data eta izen esanguratsuenen artean ageri dira gaur egun 2016ko otsailaren 26a eta Alex Txikon. 15:37etan (Pakistango ordua) lemoar eskalatzailea, Ali Sadpara pakistandar eta Simone Moro italiarragaz batera, Nanga Parbat (8.126)  gailurrera heldu zen. Azkenean 'Mendi Erailea' deitutakoa menderatu zuten urtaro hotzenean, era horretan neguko zortzimilen azken aurreko muga zeharkatuz... Aukeratutako ibilbidearen (Diamir aldeko Kinshofer ibilbidea) berezko zailtasun teknikoek ez zioten egoera erraztu. Halere, Txikon eta bere taldea, aurreko esperientzietan ikasitakoaz baliatzen jakiteaz gainera, estrategia logistiko egokian oinarritu ziren, talde-lan gogorra egin eta pazientzia apur bat eduki zuten aurrera ekiteko".

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun