Joan den zapatuan, hilaren 12an, Indabadaren aldeko agerraldia egin zuten San Nikolas plazan Algortako ehun gaztek baino gehiagok. Horretan, urriaren 29an ospatutako indaba-janaren kontra "Udalak hartutako neurri eskandalagarriak" salatu zituzten.
Gogoratu zutenez, 17 urte daroatzate Algortako gazteek Indabada ospatzen: "17 urte negu atarian herria berotzen, jai giroan ehunaka gazte elkartu eta alaitasuna kalez kale zabaltzen". Herri horretan hainbeste jende biltzen duen bazkari herrikoirik ez dagoela nabarmendu zuten; "32 tabernen babesa du, eta urte arrakastatsuenean 500 pertsonatik gora batu gara bertoko produktuez gozatzeko, ezezagunen artean harremanak sustatzeko, eta batez ere, ondo pasatzeko".
Ekimen hori inolako eragile, elkarte edo erakunderen eguna ez dela nabarmendu zuten, "herriaren iniziatiba da". Hori dela-eta, Udalari eskatu diotena "errespetua" da. Halere, aurten Udalak erakutsitakoa "guztiz kontrakoa" izan dela deitoratu zuten: "urteroko kontua errepikatzetik harago joan dira oraingoan. Udaltzaingoa isunak jartzera bidaltzetik, gauez gazteak euren lonjetaraino jarraitzera pasa dira. Identifikazioak eskatzetik, jazarpen telefonikora. Egun bateko kontu izatetik gainera, luzatzen doazen kontu bilakatu dute".
Baimena ez eskatzeagatik
Horren harira, Getxoko Udalak jakinarazi du kale, bide edo gune publiko bat okupatzeko baimena behar dela, "eta baimenik gabe okupatzen bada, Udaltzaingoak esku hartzen du". Hala, Indabadaren kasuan, Udaltzaingoak "berdin-berdin" jokatu duela azaldu dute, "hots, halako egoera bat gertatu denean esku hartu behar izan duenean egin duen bezalaxe, modu berean jokatu du oraingoan ere".
Prentsaurrekoan agertutako gazteek badakite zein den arazoa: Indabada eguna Udalean era ofizialean komunikatu ez izana. Halere, euren arabera, hori "aitzakia" besterik ez da. "Komunikazio bide ofizialak ez erabili izanaren arrazoia galdetu izan baligute, zergatia ezagutuko lukete. Plazak espazio publikoak dira, herriarenak. Bertan harremantzen gara, antolatzen dugu gure aisialdia, protestatzen dugu, auzokide elkarteak zein mugimendu sozialak elkartzen dira... Beraz, guk sinpleki premisa hori jarraitu dugu: herriaren espazio den heinean, besteekiko errespetua oinarri, plaza erabili dugu, traben aurrean okupazioaren alde eginez", azaldu zuten.
Indaba-janaren aurreko egunetan horren nondik norakoen berri ematen dutela jakinarazi zuten: auzokideei gutuna, sare sozialetan egitaraua, kaleetan kartelak... Hori dela-eta, uste dutenez, Gobernu-taldeak "jakin bazekien" noiz eta non ospatuko zen Indabada. Halere, "ez da inongo momentuan harremanetan jarri antolatzen genbiltzanokin. Bazekiten norengana jo, prestaketarako bilerak publikoak eta irekiak baitira", deitoratu zuten; "eta bazekitela diogu, udaltzaingoaren identifikazio eskaerei muzin egin ostean, gure zein gure lagun eta senideen telefonoetara deika hasi zirelako. Edo identifikazioa ema gabe ere gure izen abizenez deitu gintuztelako".
Horren harira, haserre egoteaz gain, "oso kezkatuta" daudela ohartarazi zuten, "jasotako deiek eta gure bizitzaz duten ezagutza mailak arduratzen gaitu". Daborduko hainbat gazte identifikatu ditu Udaltzaingoak; hori dela-eta, Indabada isun baten "mehatxupean" dagoela berriro ere ohartarazi dute.
Plazaren erabilera "arduratsua"
Prentsaurrekoan bildutako gazteek argi utzi gura izan zuten espazio publikoaren erabilera "arduratsua" egiteagatik neurri polizial "kezkagarriak" jarri dituztela martxan euren kontra: jarraipenak, identifikazioak, jazarpen telefonikoa... "Dena, aisialdi eskaintza arrakastatsu bat eskaini eta ondoren plaza garbi-garbi uzteagatik".
Horren aurrean, Gobernu-taldeari zigorrak ezartzeko hartutako bidea bertan behera utzi eta arazoak "behar bezala konpontzeko deia" egin zioten. Halaber, datozen egunetan hainbat mobilizazio egingo dituztela iragarri zuten; berbarako, azaroaren 30ean Udalbatzan mozio bat aurkeztuko dute, eta change.org plataforman Indabadaren aldeko sinadura bilketa abiatuko dute.