Ohi legez, artista ospetsuek bisitatuko dute Getxoko Komiki Azoka; horietako batzuk nazioartean ospe handia dutenak. Batez ere berbaldi eta aurkezpenetan parte hartuko dute. Horrez gainera, sinadura-saioak egingo dituzte, zaleek gustukoen dituzten egileak ezagutzeko aukera izan dezaten. Aurtongo gonbidatuen artean, David Aja ilustratzaile gaztearen parte-hartzea nabarmendu dute antolatzaileek. Azken urteotako azal-egile ospetsuenetariko bat da Aja, eta Marvel argitaletxearentzat hainbat lan egin ditu. Valladolideko artistak sari garrantzitsuak eskuratu ditu; berbarako, Harvey, Eagle eta Eisner sariak.
Paul Pope ere egongo da azokan. Komiki alternatiboaren erakusgarri, mundu osoan ezaguna da Pope, super-heroien komikietan eginiko lanengatik; berbarako, "Batman: year 100", zaleen artean ospe handia lortu zuena. Halaber, Alex Robinson ere egongo da Areetan; "Malas ventas" eleberri grafiko ezagunaren egilea, 2005eko Angoulêmeko komiki-jaialdian saritua. Bestalde, eskarmentu handiko Horacio Altuna ilustratzaile argentinarrari eta José Ibarrolari omenaldia egingo zaie aurtengo komiki azokan.