Dokumental horrek VIII. Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdian aipamen berezia jaso berri du eta Getxotik Mundura Mundutik Getxora topaketei hasiera ipiniko die. 20 minutuko iraupena duen lanak Indiako Karnataka estatuko Bijayapura distrituan hainbat kastek, esate baterako "dalit" kastak, eta bereziki emakumeek eta neskatoek pairatzen dituzten bidegabekeriak deskribatzen ditu. Izan ere, herriko gizon batzuek "Debadasi" (Tenplurako zerbitzariak) izenagaz ezagutzen diren emakumeak behartzen dituzte beren sexu-nahiak asetzera.
Gaur egun Indiako gobernuak praktika horiek debekatu dituen arren, oraindik ere gertatzen dira. ”Lan honekin gure helburu nagusia izan da egoera horren berri ematea eta sariarekin oihartzun handiago lortzen badugu, poz-pozik gaude", nabarmendu du Karmelo Urkiza GKEko kideak.
Getxon egoitza duen Taldeka Lagunduz taldea 2005ean sortu zen Hezkuntzan alorrean aritzeko, eta 2008az geroztik Anekalen lan egiten ari da, Karnataka estatuan. Egun 50 pertsonak (15 bat getxoztar) osatzen dute taldea eta heziketa-proiektu bat sustatzen ari dira 120 gazterentzako (8 eta 17 urte bitartekoak) bi egoitzatan. Ekimen hori ere ikusgai izan da Ikusezinaren Jaialdian, "Anekaleko Balajyhoty Hostelak" izenburuko dokumentalaren bidez. Lan horrek ere Udalaren laguntza izan du, eta baita duela bi urtez geroztik Taldeka Lagunduz Indian lan egiten ari den inguruko familiei osasun arreta eskaintzeko sustatzen ari den proiektuak ere.