Egindako lan guztien ondoren, kultur etxea mugarri berri batera iritsi da, "sormena eta kultura garatzeko laster edukiko dugun espazio zoragarri honetara apur bat gehiago hurbiltzen gaituena. Zentro berri horrek herritarrek eta elkarteek eskatzen dituzten zerbitzuei erantzungo die, hobekuntza handiak eginez", adierazi du alkateak bisitaldian.
Kultur etxeak edukiko dituen espazioen ekipamenduaren etapan murgilduta ibiltzeaz gainera, daborduko lizitazio publikoan daude beharrezkoak diren ekipo batzuk eskuratzeko kontratuak (altzariak, informatika eta abar). Modu berean, zerbitzuetako batzuk abian dira eta kultur etxeak funtzionatzeko behar dituen zerbitzuak (ura, argia, girotzea eta abar), abian jartzeko ezinbesteko administrazio-izapideak hasi dira, lizentzia egokiak lortu ostean. Zerbitzu horietako batzuk (igogailuak, ura, argia...) badabiltza daborduko, gaurko bisitan ikusi denez.
Instalazioetatik ibilbidea
Instalazioetan barrena egindako ibilbidean zehar, Landak aipatu du ekipamendu honetan hezurmamitu den kontzeptua ikus dezakegula: "eraikin efizientea da, bereziki, ikuspuntu askotatik; eraikin malgua da; haren espazioen balioaniztasuna nabaritu daiteke dagoeneko, baita etorkizuneko eskaeretara egokitzeko nahiz beti aitzindari izateko gaitasuna ere. Finean, ekipamendu eraginkorra da. 5.484 metro koadro hauetan, nagusi dira haren funtzionaltasuna, espazioen arrazionaltasuna, zirkulazioetan optimizazioa, bolumen argiak, malgutasuna, eta abar. Izan ere, ezaugarri horiek programa ordenatu bat antolatzen laguntzen dute".
Baliabideak arrazionalizatze aldera, eta baliabide ekonomiko eta pertsonalen kudeaketan eraginkortasun handiagoa lortzeko eta sinergiak sortzeko, ekipamenduak, askotan azpimarratu dutenez, askotariko aisialdi-, kultura-, hezkuntza- eta gizarte-zerbitzu eta erabilerak bateratuko ditu, "guztiak ere Getxoko familien, elkarteen eta erakundeen zeregin kultural eta sozialari lotuak", azaldu dutenez. Udalak egindako kalkuluen arabera, 250.000 pertsona baino gehiagok erabiliko dituztela instalazioak urtero.
"Proposamen estrategikoa da RKErena, gure gizarte-, kultur-, ekonomi- eta kirol-ekipamenduak berritzeko 2007az geroztik bultzatzen ari garen prozesuaren barruan kokatzen dena", aipatu du Imanol Landak, amaitzeko.