Eduardo Larrea "Karolo" ezizenagaz zen ezaguna; izan ere, Karola Larrea arrebak bere izena daraman jatetxea zabaldu zuen duela hainbat urte Algortako Portu Zaharreko Aretxondo kalean, Eduardo Larrearen etxearen aurrean.
"Karolo"k kontatzen zuenez, jipoi asko jaso zituen Francoren garaian, ile luzea eroateagatik. Halaber, Portu Zaharreko "lehenengo" hippya zela aitortzen zuen harro, eta munduan barrena egindako bidaien nondik norakoak kontatzen zizkion horren berri izan gura zuen edonori. Horrez gainera, anarkista, liberala, polifazetikoa, nabigatzailea, aktorea, dantzaria, artista eta zoriontsua zela aitortzen zuen.
Tenorerik onenakaz abestu zuen bere garaian, hainbat disko argitaratu zituen, Londoneko Picadilly Circusen aritu zen, baita Pariseko saloi pribatuetan, besteak beste.