Denera sei babesle izango ditu talde berriak, tartean Getxo Kirolak udal erakundea. Taldea 18 txirrindulariz osatuta dago, Unai Uribarri zuzendariaren agindupean. Proiektuaren bizkarrezurra, 13 txirrindulari, osatzen dute Eiser-Inforlur taldetik segitzen dutenek, eta Duranguesa eta Punta Gale taldeetako harrobietakoek. Orotara, hamalau bizkaitar, bi britaniar, kolonbiar bat eta hegoafrikar bat izango ditu Unai Uribarrik bere aginduetara. Era berean, Kimetz Lapazaran eta Roberto Arteaga izango dira Uribarriren laguntzaileak, eta prestatzaile fisikoaren lanak Pablo Mas-ek egingo ditu.
Fitxaketa berriak honakoak dira: Oskar Malasetxebarria esprinter munitibartarra, Baqué-Camposetik etorritakoa; Nicolas Sáenz kolonbiarra; Jaco Pelser hegoafrikarra; eta Elliot Redfern eta Max Williamson britainiarrak.
Punta Galea elkarteak defendatu du indarrak batzea durangarrakaz, Eiser-Hirumet "datozen urteotan euskal txirrindularitzako harrobiaren talde erreferentziala bilakatu" daitekeelakoan. Josu Atxotegi Duranguesa elkarteko presidenteak ere ildo beretik egin du berba: “Etorkizunari begira erabakirik onena dela uste dugu”, adierazi du.
Nazioarteko txirrindularien gainean Atxotegik azaldu du Saenz kolonbiarra "iaz oso ondo" ibili zela eta "aurten Kontinental mailako talde batera joatekotan egon da, baina gurago izan du bere garapena lasaiago hartu eta datorren urtean gugaz geratu”. Britainiar bien kasuan, gazte mailatik afizionatuetarako saltoa emango dute aurten.
Honako hauek dira Eiser-Hirumet taldeko txirrindulariak: Alain Ramirez, Markel de la Fuente, Adrian Sainz, Oskar Malaxetxebarria, Jon Munitxa, Eukeni Rotaetxe, Asier Perez, Arkaitz Agirre, Xabier Gutierrez, Julen Solaun, Iñaki Arakistain, Peru Barañano, Erlantz Calvo, Fermin Reinicke, Nicolas Saenz, Jaco Pelser, Elliot Redfern eta Max Williamson.