Ertzaintzak ohartarazi duenez, faltsifikazio-sistema berria da, eta mota horretako 20 euroko lau billete faltsu atzeman ditu Bizkaiko hainbat saltokitan. Hori dela-eta, herritarrei eta batez ere merkatariei erne egoteko gomendioa eman die.
Zehazki, ondoko saltokietan topatu dituzte billete faltsuak: supermerkatu batean, lokutorio batean eta zerbitzugune batean, Bilbon, Barakaldon eta Getxon, hurrenez hurren. Horrez gain, beste sei billete aurkitu dituzte Bilboko joko-areto bateko truke-makina batean.
Honen aurrean, kontuz ibiltzeko gomendioa eman du Ertzaintzak, eta, pertsona susmagarrien aurrean, truke eragiketak gainbegiratu eta argi ultramorea erabiltzeko aholkatu du.
Ertzaintzak argi ultramorea erabiltzea gomendatu du beste edozein sistemaren gainetik; izatez, billete faltsuak atzemateko modurik onena da-eta. Truke-makinetan sartzen diren billeteen bigarren motako faltsifikazioak saihesteko, aldiz, komeni da eragiketa horiek ikuskatzea pertsona susmagarriek egiten dituztenean. Faltsifikazio bat atzemanez gero, salaketa jartzea eta billete faltsua aurkeztea gomendatu dute.
Faltsifikazio sistema
Polizia Autonomikoak jakinarazi duenez, orain atzemandako faltsifikazio-sistema berria da, eta gaizkileek 20 euroko etekina lortzen dute, legezko billete batetik billete bi lortzen baitituzte.
Lehenik, benetako 20 euroko billete baten banda holografikoa askatzen dute, eta segurtasun-neurririk ez duen kopia faltsu batean itsasten dute. Hala, benetako itxura handiagoa ematen diote, eta saltokietan eta erosketaren bat egiten duten bestelako negozioetan sartzen dute.
Gero, banda holografikoa kendu dioten benetako billetea edozein motatako paperagaz berrosatzen dute, benetako billete baten neurriak izan ditzan. Eragiketa hori egin ondoren, truke-makina batean sartzen dute billetea; hartara, 20 euro horiek txanponetan lortzen dituzte.
Billete faltsua atzemateko gomendioak:
Horrez gain, Europako Banku Zentralak "Ukitu, begiratu eta biratu" esloganaren bidez 20 euroko billete baten benetakotasuna ziurtatzeko hainbat egiaztapen proposatu du:
Paperaren ehundura: Billetea ukitu. Ehundura irmoa eta erresistentea da.
Erliebean inprimatua: Erliebea hautematen da motibo nagusian, letretan eta billetearen balioa adierazten duen zenbateko handian.
Ur-marka: Begiratu billeteari argitara. Billetearen balioa eta motibo nagusia erakusten duen irudi lausoa hautematen da.
Holograma: Biratu billetea. Eskuinaldean dagoen zilar koloreko bandak billetearen balioa eta ≪€≫ sinboloa erakusten du.