Udalak informazio-etxolak ipini ditu Areetako eta Algortako metro-geltokien inguruan. Horietan, berdintasunaren eta emakumeenganako indarkeriaren gaineko informazioa emango dute. Era berean, eraso sexualen aurka Emakundek egindako esku-orriak ere banatuko dituzte, baita "Puntu lila" duten zorro txikiak eta irakurtzeko bereizleak ere. Ordutegia 12:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:30era izango da.
Domekan, hilaren 27an, Utopian konpainiak "Apasionadas" izeneko antzezlana aurkeztuko du, Areetako Andres Isasi musika-eskolan, 19:30etik aurrera.
Horrez gainera, egunotan, emakumeenganako indarkeriaren aurkako sinboloa den puntu lila ipiniko dute hainbat eraikin publikotan, berbarako udaletxean, San Nikolaseko liburutegian, Andres Isasi musika-eskolan eta Bizkaiko Zubian. Herritarren arretarako bulegoek, Berdintasun Zerbitzuak eta Jabekuntza Eskolak puntu lilak edukiko dituzte, horietara hurreratuko diren herritarren artean banatzeko.
Herri-elkarteen ekimenak
Udalerriko elkarte feministek hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Hala, Gizatiar elkarteak elkarretaratzea egingo du Bizkaiko Zubiko plazan, 19:30ean. Ordu berean, manifestazioa egingo dute Bilgune Feministak, Haziak eta Mujeres con Voz elkarteek, San Nikolas plazatik abiatuta. Itzubaltzeta/Romon ordubete beranduago egingo dute manifestazioa, Xake plazatik hasita.