Azaroaren 25a Uribe Kostan

Emakumeenganako indarkeria ozenago salatuko dute egunotan

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 25a, 10:20
Artxiboko irudia.

Azaroaren 25a da Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna; horren harira hainbat jarduera antolatuko dituzte egunotan Getxoko Udalak eta udalerriko eragile feministek. Elkarretaratzeak gaur, barikuan, izango dira.

Udalak informazio-etxolak ipini ditu Areetako eta Algortako metro-geltokien inguruan. Horietan, berdintasunaren eta emakumeenganako indarkeriaren gaineko informazioa emango dute. Era berean, eraso sexualen aurka Emakundek egindako esku-orriak ere banatuko dituzte, baita "Puntu lila" duten zorro txikiak eta irakurtzeko bereizleak ere. Ordutegia 12:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:30era izango da.

Domekan, hilaren 27an, Utopian konpainiak "Apasionadas" izeneko antzezlana aurkeztuko du, Areetako Andres Isasi musika-eskolan, 19:30etik aurrera.

Horrez gainera, egunotan, emakumeenganako indarkeriaren aurkako sinboloa den puntu lila ipiniko dute hainbat eraikin publikotan, berbarako udaletxean, San Nikolaseko liburutegian, Andres Isasi musika-eskolan eta Bizkaiko Zubian. Herritarren arretarako bulegoek, Berdintasun Zerbitzuak eta Jabekuntza Eskolak puntu lilak edukiko dituzte, horietara hurreratuko diren herritarren artean banatzeko.

Herri-elkarteen ekimenak

Udalerriko elkarte feministek hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Hala, Gizatiar elkarteak elkarretaratzea egingo du Bizkaiko Zubiko plazan, 19:30ean. Ordu berean, manifestazioa egingo dute Bilgune Feministak, Haziak eta Mujeres con Voz elkarteek, San Nikolas plazatik abiatuta. Itzubaltzeta/Romon ordubete beranduago egingo dute manifestazioa, Xake plazatik hasita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun