Gazteentzako etxebizitza alokatzeko laguntzak
"Gazteentzako etxebizitza alokairurako laguntzak 2016-2017" arloan diru-laguntzen deialdia datorren asteko Tokiko Gobernu Batzarrean onartuko da, 250.000 euroko aurrekontuagaz. Deialdi honen xedea emantzipazio prozesuan Getxoko gazteei laguntza eskaintzea da.
Hain zuzen ere, laguntza hauen helburua da Getxoan bizi diren gazteen ohiko etxebizitzaren errenta zati bat ordaintzen laguntzea. Alokairu kontzeptutik kanpo geratzen dira eranskinei dagozkienak, berbarako aparkalekua edo trastelekua eta jabe-erkidego eta administrazio gastuak, besteak beste.
Diru-laguntza, laster onartuko diren deialdiaren oinarrietan ezarritako baldintzen arabera emango da, pertsona onuradunak hartutako alokairuaren gasturako. Errentamendu kontratuak indarrean egon beharko du laguntzak eskatzeko epea bukatzen den egunean. Diruz lagundu daitekeen gehienezko aldia 12 hilabetekoa izango da.
Alokairu gastuei dagokienez, gastuok ezingo dira izan hileko 900 euro baino gehiagokoak. Diru-laguntzak jasotzeko, bizikidetza-unitateek ezingo dituzte honako diru-sarreren gehienezko mugak gainditu:
- 25.000 euro gordin urtean, bizikidetzako unitatea pertsona bakar batek osatzen badu.
- 39.000 euro gordin urtean, bizikidetzako unitatea bi pertsonek edo gehiagok osatzen badute.
Laguntzen zenbatekoak honako hauek izango dira:
DIRU-SARRERA GORDINAK PONDERATUAK, EUROTAN |
ALOKAIRU GASTUAK % |
LAGUNTZA GEHIENEZ (euro/hilean) |
3.000,00 eta 9.000,00 euro artean |
50 |
450 euro |
9.001,00 eta 18.000,00 euro artean |
40 |
360 euro |
18.001,00 eta 25.000,00 euro artean |
30 |
270 euro |
25.001,00 eta 39.000,00 euro artean |
20 |
180 euro |
|
|
|
2016ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2016ko abenduaren 31rarte sinatutako kontratuen alokairu gastuen ordainketari buruzko eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu –laster argitaratuko da- eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da eta 2017ko otsailaren 28an amaituko da.
2017ko urtarrilaren 1etik aurrera sinatutako kontratuen alokairu gastuak ordaintzeko eskabideak aurkezteko epea 2017ko martxoaren 1ean hasi eta 2017ko urriaren 31ean amaituko da.
Eskabidea kasuan kasuko inprimakian aurkeztu beharko da, Herritarren Arretarako Bulegoetan (HABetan) eskuragarri izango den eredu normalizatuaren bitartez zein udalaren webgunean. Laguntzak, eskabideen aurkezpen ordenaren arabera emango dira, harik eta aurrekontuan aurreikusitako zenbatekoa agortu arte. Halaber, gehienez 250.000 euroko kopuru osagarria erabili ahal izango da, betiere kreditua erabilgarri dagoela baieztatzen duen adierazpena egiten bada.
Komunitatea ordaintzeko diru-laguntzak
Bestalde, Udalak 150.000 euroko zenbatekoa onartu du aste honetako Tokiko Gobernu Batzarrean komunitateen 2016ko urtarriletik abendura bitarteko kuota ordaintzen laguntzeko. Diru-laguntza horiek aurrekoetan OHZa ordaintzen laguntzeko onartutakoa ordezkatzen dute.
Ohiko etxebizitzako titularrak diren pertsona eta familia unitate getxoztarrei zuzendutako diru-laguntzak dira. Biztanleen udal erroldaren eta hiri ondasun higiezinen erroldaren bidez egiaztatuko da hori. Baldintzak dira eman beharreko diru laguntza kalkulatu behar den higiezinean erroldatuta izatea, horren titularra izatea, eta behar besteko baliabide ekonomikorik ez izatea . Familia unitatearen urteko diru sarrera guztiak ezin izango dira oinarrietan ezarritakoa baino handiagokoak izan eta bateraezinak dira helburu bera duten beste laguntza batzuekaz. Ondorioz, etxebizitza mantentzeko kontzeptuagatik eskatutako gizarte larrialdiko laguntza jaso dutenek ezin izango dute hori eskatu.
Familia unitate bakoitzeko laguntza bakarra eskatu ahal izango da, eta gehienez 500 euro emango dira, ordainketa bakarrean. Baldintzak betetzen dituzten eskabideen zenbatekoa baino handiagoa bada, eman beharreko zenbatekoa hainbanatu egingo da.
Eskabideak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izango da, deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta hori behar beste iragarriko da. Eskabideak Gizarte Zerbitzuetako Romo-Areetako, Algorta-Neguriko eta Andra Mariko egoitzetan, udalerriko HABetan, Posta bidez eta Legeak aurreikusten dituen tokietan aurkeztu ahal izango dira. Ebazpena emateko epea bi hilabetekoa izango da gehienez, eskabideak aurkezteko finkatutako azken egunetik aurrera zenbatuta.
Balorazioak
Imanol Landa alkateak nabarmendu du aipatutako bi ekimenak aurrera eraman ahal izateko lortutako hitzarmenaren balioa: "Legegintzaldiaren Planaren barruan kokatzen direnak, konkretuki lehenengo helburu estrategikoan, eta ez da kasualitatea lehenengoa izatea, izan ere, zerikusia du gizarte kohesionatuarentzat aurrera egitearekin, politika sozialen eta etxea izatea errazteko politikaren bidez, norberaren bizitza proiektua garatzeko baldintza egokiak ahalbideratzeko. Bi ekimen garrantzitsuren aurrean gaude, aipatutako helburu estrategiko hori lortze aldera, duda barik, oinarrizkoa udal gestioaren lehentasunen artean, eta beraz, gure herritarrentzat ere".
Bestalde, Nerea Guijarrubia, EH Bilduko bozeramaleak Gobernu-taldeagaz negoziatutako neurriak azaldu ditu: "aurrerapauso txiki bat dira, ez dituzte arazo sozialak errotik konponduko, baina zenbait arazo leuntzera datoz". Halaber, koalizio abertzaleko zinegotziak gehitu du beren asmoa dela aurrerantzean ere etxebizitzaren aferari "behar den bezala" heltzeko lanean jarraitzea proposamen zehatzakaz. Halere, deitoratu dute diru-laguntzok "berandu" datozela. "Apirilean sinatu zen akordioa, eta orain arte ez dira abian jarri", salatu du EH Bilduko ordezkariak, "urtea bukatu aurretik diru laguntza horiek argitaratuko dira baina garrantzitsuena hurrengo urteetan bermatuko diren diru laguntzak izango direla izango da", gaineratu du.
Azkenik, Jose Luis Landa PSE-EEko bozeramaleak hitzarmenaren balioa eta kohesio sozialaren alde egindako ekarpenak azpimarratu ditu: "arduradun politiko guztien buruan dagoen arazo bati irtenbidea ematen laguntzera datoz, hau da, azken 15 urteotan 30 urtetik beherako bizilagun getxoztarren kopurua %35 jaitsi da, nolabaiteko deserrotzea eraginez, eta neurriak panazea ez diren arren, gutxienez, exodoa ez da hain handia izango".