Guardia Zibilak emandako bertsioaren arabera, atxiloketetan eta Asturiasen, Kantabrian eta Galizian egindako 7 miaketetan, atzeman dituzte 37 kilo haxix baino gehiago eta ia 8 kilo marihuana. Horregaz gainera, Guardia Zibilaren inbentarioan honakoak daude: Jugoslaviako arma labur bat, arma luze eta laburretarako kartutxo ugari, taser bat, debekatutako arma zuriak, sakelako telefono bi, ibilgailu bi, 1.000 landare ereiteko ahalmena duen marihuana sail bat ipintzeko hainbat materiala eta 34.000 euro.
.Atxilotuei erakunde kriminal bateko kide izatea, droga-trafikoa, estortsioa, hertsapena, armak legez kontra edukitzea eta lapurreta egotzi diete. Atxilotuak Asturiasko Siero herriko 2. Instrukzio Epaitegiko jujearen aurretik pasa dira. Epaileak euretako hiru espetxera bidali ditu eta besteak aske utzi ditu, bere aurrean agertzeko aginduaren pean.
Beste atxilotu bi
Operazioa 2015eko uztailean abiatu zuten, hainbat guardia zibilek informazio bat jaso zutenean. Horren arabera, Espainiako Infernuko Aingeruak taldeko Ipar atalak droga-trafikorako banaketa-lanak egiten zituen Kantabrian, Gaztela-Leonen eta Madrilen; Asturiasko Felguera de Noreña herrixkako egoitzatik omen ziharduten.
Lehenengo ikerketen ostean, poliziek ustezko droga-ibilbide bi topatu zituzten: Bizkaia eta Asturias artekoa eta Asturiasetik Galiziara zihoana. Bi adarrak pertsona batek koordinatzen ei zituen. Pasa den uztailean sareko ustezko kide bat atxilotu zuten Naviako errepidean (Asturias) Galiziarako bidean. Guardia Zibilaren arabera, haxix kilo bi zeroatzan. Azaroaren 14an, bigarren atxiloketa bat burutu eta 6,3 kilo marihuana atzeman zuten. Bigarren atxiloketa horrek "Triciclo" operazioa abiatzea bultzatu zuen.