Zapatu honetan, abenduaren 3an, Fadurako kiroldegian Getxoko Estalpeko Arraunaren Herri-lasterketaren laugarren edizioa egingo dute. Goizeko 08:30ean, 14 urtez azpiko neska-mutilek abiatuko dituzte arraun-ergometroko txandak, 500 metroko neurrian. Ondoren lehiatuko dira 18 urtetik beherakoak, 1.000 metroko distantzia ahalik eta arinen betetzea helburu. Azkenik, maila absolutukoek itsas milia egin beharko dute, 1.609 metro, beren-beregi. Halere, azkenengo maila horretan modalitate bi izango dira: pisu arinekoak, eta pisu astunekoak. Antolatzaileek honako pisuak ezarri dituzte banaketa egiteko: 75 kilo, gizonen kasuan; eta 61,5 kilo, emakumeetan. Proba hasi baino lehenago egongo da pisaketa egiteko aukera, informaziorako kontrol-mahaia; ostera, arraunlariren bat pisatuko ez balitz, pisu astuneko kategorian sailkatuko lukete, zuzenean. Bestalde, berotzeko hainbat makina egongo da, lehia abiatu aurretik zein bitartean.
Amaitzeko, azken boladan birusen bat jasan dutenei edo lehiaren egunean makal sentitzen direnei ez parte hartzeko gomendatu diete antolatzaileek, lehiaketak eskatzen duen ahalegin handia dela-eta. Getxoko ENZ Indoor Rowing Klubak antolatzen du herri-lasterketa lehenengo ediziotik, Getxo Arraun Taldeagaz elkarlanean. Izan ere, dirua irabazteko asmo bako kirol-talde hori 2012an jaio zen, arraun-ergometroaren erabilera bultzatzeko, eta lehorreko arraun-entrenamenduak sustatzeko asmoz. Denboraren poderioz, ergometroak gero eta leku gehiago du arraun-lehiaketetan. Pasa den urtean, 332 arraunlarik parte hartu zuten lehiaketan.