Euskarak 365 egun

Goñi familiaren GetxoGasok jasoko du aurtengo Euskara Saria

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 30a, 17:50

GetxoGasok jasoko du bihar Euskara Saria. © GETXOKO UDALA

Goñi familiak kudeatzen duen GetxoGaso gasolindegiak jasoko du bihar, eguenean, Getxoko Udalak antolatutako Argia Ereiten Euskara Saria, "euskararen erabileragaz erakutsitako konpromisoagatik". Alaitz, Iker eta Mikel Goñi neba-arrebek duela bederatzi urte hartu zuten gasolindegiaren zuzendaritza, eta ordutik, negozioan euskara sendotzeko esfortzua eta ahaleginak egiten ari dira. Sariketaren ekitaldia 20:00etan izango da, Fadura kiroldegiko areto nagusian.

Goñitarrak oso pozik daude GetxoGaso gasolindegiari egindako esker onagaz, "herrian jende askok lan egiten du euskararen alde, eta beraz, saria guk jasotzea oso garrantzitsua da, horrek esan nahi baitu euskararen alde guk egindako lana aintzat hartu dela eta hori poztasun eta ohore handia da guretzat", adierazi du Iker Goñik.

Bi arrazoi garrantzitsuengatik dute euskararekiko konpromisoa. "Guk honetan sinesten dugu. Uste dugu bezeroek nahi duten hizkuntzan erantzuteko eskubidea daukatela eta horretan ari gara. Bigarrenetik, institutuan, unibertsitatean edo plano teorikoan agian errazago izan daitekeelako euskara aldarrikatzea, baina eguneroko bizitzara pasatzen garenean ere koherentzia hori gorde behar dugu. Ez da beti erraza, baina horretan gabiltza”, nabarmendu du Alaitz Goñik.

Gasolindegiko lan taldearen erdia gutxi gorabehera elebiduna da eta euskara menperatzen ez dutenen artean maila desberdinak daude. "Lan-taldeari garrantzi handia ematen diogu, ezinbestekoa da. Gu entrenatzaileak bezalakoak gara, langile guztien ahalmenei distira atera behar diegu, bai euskaraz egiten dutenei baita euskaraz egiten ez dutenei ere… Izan ere denak dira funtsezkoak bezeroei arreta euskaraz eman ahal izateko. Denon artean kultura hori sortzea da gure helburua eta horretan jartzen ditugu gure mimoak eta energia", gehitu du Alaitz Goñik.

Goñitarrak oso pozik daude beraiena izan delako Euskara Saria jaso duen lehenengo enpresa, "alde batetik, Getxon gure gasolindegia beste toki bat delako non euskara normaltasun osoz egin daitekeen eta euskaltzale bezala horrek poztasun handia ematen digu, eta bestea oso garrantzitsua delako euskara mundu akademikotik enpresara, saltokietara... pasatzea. Euskararen presentzia toki eta eremu guztietan izan behar da".

HIRUKA astekariaren 79. zenbakian Iker Goñiri egindako elkarrizketa egongo da irakurgai, bihartik, eguenetik, aurrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun