Imanol Landa alkatea buru izan da eta udal alderdi politiko guztietako ordezkariak izan dira bertan, EH Bildukoak izan ezik.
Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, urte bi daramatza eskatzen 2009an oroimen egun horren harira adostutako testua berrikusteko, "Udalean ordezkatuta dauden talde politiko guztien artean lantzea, akordio zabalagoa erdiesteko asmoz".
EH Bilduren ustez, "ezinbestekoa" da memoriaren eta biktima guztien aitorpenerako aurrerapausoak ematea: "2009an erdietsitako akordioari iraungitze data heldu zaiola deritzogu. Uste dugu garaia dela bestelako aurrerapauso batzuk emateko, eta akordio zabalagoak lortzeko. Xede horrekin EAJri, aurten, testu proposamen bat helarazi diogu, non biktima guztiak maila berean jartzen diren eta merezi duten lekua emango zaien".
Halere, jakinarazi dutenez, ez da testuaren lanketarako aukerarik egon. Horren aurrean, aurrerantzean ere gaiari berriro heltzeko prest daudela iragarri dute, "akordio zabalagoa lortze bidean, eta biktima eta min guztiak aitortuak izan daitezen".