Jakinarazi dutenez, Bizkaia Digital Market plataforma birtualari esker, establezimenduek oinarrizko bi zerbitzu eskaini ahal izango dituzte: webgune aldagarria eta ordainketa-pasabide oso bat. Hala, webgune propioa egiteaz gain, talde profesional batek plataformaren eguneratzeak, mantentze-lanak eta posizionamendua egingo ditu.
Pedro Campo CECOBIren presidenteak adierazi duenez, "ekimen honen bitartez, lurraldeko komertzioek plataformari gehitu ahal izango diote euren web orrialdea eta online denda osoa–eta bertan produktuen eta zerbitzuen eskaintza erakutsi-. Hori guztia Bizkaiko denda guztiekin batera gune berean izango da (marketplace), lehiakortasuna handituz. Horrela, komertzio parte-hartzaile bakoitzak aukera izango du kontsumo-ohitura berriei aurre egiteko, baina beren ezaugarri propioak mantenduz: hurbiltasuna, bezeroari tratu pertsonalizatua, eskaintzaren aniztasuna eta kalitatea".
Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Bizkaiko Foru Aldundiko Sailburuak azpimarratu duenez, "Bizkaia Digital Market baliabide berri bat da denda txikiak ikustarazteko eta bezero berriengana heltzeko. Saltoki askorentzat suposatuko du teknologia berrien erronkari eustea eta dagoen erakusleiho handienean kokatzea. Tokiko merkataritzaren sustapenean eta salmentan jauzi kualitatiboa da. Azken finean, balio handiko tresna da sustatzeko gure udalerrietako eta Bizkaiko ekonomiarako oinarrizko zutabea dena: merkataritza".
Imanol Landak Getxoko alkateak, bere aldetik, honakoa adierazi du: "proiektu honetan parte hartuz gure merkataritzari laguntzen diegu hain zaila den merkataritza elektronikoan sartzen, esfortzu ekonomiko eta tekniko handirik egin gabe. Proiektuari esker izango dute, alde batetik, erakusleiho birtuala, eta, bestetik, online salmenta. Bizkaia Digital Market leiho bat izango da, non Bizkaia osoak Getxoko eskaintza komertziala ikusi ahal izango duen, negozio egiteko aukera udalerritik at era argi batean zabalduz".
Getxoko dendak
Bizkaia Digital Market Getxoko esperientzia pilotuari esker establezimenduek plataforma horren abantailak azkarrago disfrutatu ahal izango dituzte merkatuan lehiakorragoak izateko. GetxoEnpresak eta Algortako Dendak parte hartuko dute. Hala, Getxok berariazko hasiera-orri bat izango du, Bizkaia Digital Market ekimenera batzen diren Getxoko negozio guztientzat. Bertan produktu eta zerbitzuen erreferentziak erakutsiko dituzte eta sektoreka bilatu ahal izango da irazkien bitartez.