Izen-ematea zabalik dago Itziar Lopez de Uralde oroi-lasterketan

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 5a, 11:00

Itziar Lopez de Uralderen omenezko lasterketa artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Itziar Lopez de Uralde Oroi-Lasterketaren 33. edizioa hartuko dute Getxoko kaleek abenduaren 18an, domekan, Bizkaiko egutegian tradiziorik handienetakoa duen lasterketa herrikoia. Daborduko, izena eman daiteke, abenduaren 14ra arte, Itxartu elkartearen www.itxartu.com webgunean eta Getxo udalerriko hainbat lekutan: Fadura, Andra Mari eta Gobela kiroldegietan eta Kantxa Kirol Moda, Gaztañaga eta Deportes Alejo Uribe kirol dendetan. Halaber, Getxotik kanpo izena emateko aukera ere eskaintzen da hainbat denda kolaboratzaileetan, hala nola Bilboko Bikilan eta Portugaleteko Sportlandian.

Itxartuk antolatuta, Fadura kiroldegiko eraikin nagusiaren aurrean emango diote hasiera probari, aurreko urteetan legez. Lasterketa goizeko 11:00etan hasiko da, eta udalerriko auzoetan barrena 9 kilometroko ibilbidearen ondoren Fadurara iritsiko da. Helmuga atletismoko pistan egongo da. Lasterketari ekin aurretik, 10:30ean, lekukotasun-proba egingo da, 2 kilometrokoa, haurrei eta familiei zuzendua.

Lekukotasun-lasterketa doakoa izango da; 9 kilometroko ibilbidea egiteko kuota, berriz, 8 eurokoa izango da. Opari moduan, lasterketa bukatu ondoren, lasterkariek kamiseta teknikoa jasoko dute. 8 euroen ordainketa Itxartu Taldeak Laboral Kutxan duen 3035 0067 61 0671156493 kontuan egin behar da eta inskripzio-fitxa bete, aipatutako epearen barruan. Lekukotasun-lasterketa egingo duten baina kamiseta eskuratu gura duten 16 urtetik gorako pertsonek 8 euroko ekarpena egin behar izango dute.

Lasterketaren arauak hemen irakur daitezke. Zalantzarik izatekotan, itxartu.itxartu@gmail.com helbide elektronikora idatz daiteke, elkarteari argibideak eskatzeko.

Itxartuk euro bana bideratuko du izen-emate bakoitzetik Atfal Sahararen aldeko elkarte getxoztarra errefuxiatu sahararren kanpamentuetan desgaitasunak dituzten pertsonentzat sustatzen dabilen hezkuntza-proiektura.

Sarien atalean, emakumezkoen nahiz gizonezkoen kategorietako irabazleek 300 euroko saria jasoko dute. Era berean, 600 euroko sari gehigarria emango diote probako errekorra haustea lortzen duenari. Gainera, Euskadiko eta Getxoko atletarik azkarrenek 175 eta 125 euroko sariak izango dituzte, hurrenez hurren. Probaren markak honakoak dira: 27 minutu eta 23 segundo, gizonezkoentzat; eta 31 minutu eta 24 segundo, emakumezkoentzat.

Memorialaren zergatia

Itziar Lopez de Uralde atleta algortarra hil egin zen 1982ko abenduaren 30ean, 26 urte zituela, Basurtuko ospitalean. Bertara eroan zuten lau egun lehenago, larri, Leioako Bi-103 errepidetik footinga egiten zebilela guardia zibil batek gidatutako auto batek harrapatu ostean. Gidariak ihes egiteari ekin zion eta, bertsio ofizialaren arabera, istripua gertatu zenean autoan bidaiatzen zuten beste guardia zibil bik ezin izan zuten pilotua geldiarazi. Bidaia Lemoizko Komandantzian bukatu ei zuten eta lankideek bertan entregatu zuten gidaria.

Harrapaketatik egun bitara, oraindino Lopez de Uralde bizirik zegoela, Guardia Zibilak kanporatu zuen Antonio Jimenez Almellones, Lemoizen destinatutako guardia zibil bat, Lopez de Uralderi laguntza ukatu izana frogatutzat joz.

1986ko maiatzaren 9an, Bizkaiko Auzitegiak honako zigorra ezarri zion Jimenezi: urte bat eta egun bateko espetxe zigorra, 19.000 pezetako isuna (114 bat euro), errieta pribatua eta gidatzeko baimena hiru hilabetez kentzea.

1990eko irailaren 28an, Espainiako Ministroen Kontseiluak indultua eman zion Itziar Lopez de Uralde hil zuen guardia zibil ohiari, 50.000 pezeta (300 bat euro) ordezko zigorra ezarriz.

Gaur egun, atleta algortarra zena ez dago onartuta "segurtasun-indarrek bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketen" biktima gisa. Izan ere, bere kasua ez da agertzen Eusko Jaurlaritzak iaz udalerrika atera zuen "Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri" bilduman, ez Getxoko liburukian ezta Leioakoan ere.

Lopez de Uralderen heriotzetik urte batera, 1983an, Getxoko Atletismo Taldeak burutu zuen Itziar Lopez de Uralde Oroi-Lasterketaren lehenengo edizioa. Azken urteotan, Algortako Itxartu taldea batu da antolakuntzara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun