Eskutitz baten bitartez, Udalak 0 eta 16 urte bitarteko umeen eta gazteen 7.000 familiei eman die katalogoaren berri, baita ekimenagaz kolaboratzen duten eta produktuak dituzten 12 liburu-denden zerrenda ere. Gainera, 4.000 orri-markatzaile banatuko ditu.
Katalogorako merkatuan dauden produktuen arteko hautaketa egin da, "berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta", azaldu dutenez. Produktuak hurrengo ataletan sailkatu dituzte: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailuak eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ere agertzen da, baita adinaren araberako banaketa ere.
Urte osoan bizirik eta eguneratuta dagoen bertsio digitala (www.katalogoa.eus), telefono mugikorretan eta tabletetan ikusteko egokituta dago, eta paperezkoan jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko ere agertzen dira; baita elkarrizketak, berritasunak, iritziak eta egungo albisteak ere. Gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko aukera dago produktuaren gainean klik eginez, baita erosketak etxetik egiteko ere.