Joan den irailaren 3an, Ertzaintzak jakin izan zuen lapurreta gertatu zela Areetako Barria kaleko etxebizitza batean. Itxuraz, lapurretaren egilea edo egileak barne-patio batera ematen zuen leiho bat behartuta sartu ziren etxebizitzara. Patiorako sarbidea ere behartuta zegoen.
Gerora jakin zenez, egun berean, atari bereko beste etxebizitza batean ere lapurtu zuten, eta egilea edo egileak barne-patiotik sartu ziren etxebizitzara, aurreko kasuan bezalaxe.
Ondoren, hil beraren 17an, antzeko beste kasu baten berri izan zuen Ertzaintzak. Jakin zuen bi gizonezko sartzen ahalegindu zirela Itzubaltzetako Kresaltsu kaleko etxebizitza batean, barne-patiotik berriro ere. Jabea etxebizitzaren barruan zegoen une horretan, eta ustezko lapurrek lasterka ihes egin zuten.
Gertaera horien aurrean, Ertzaintzak ikerketa zabaldu zuen, eta ustezko lapurretako bat identifikatu omen zuen, 32 urteko gizonezko bat. Hortaz, behin aurkitu zutenean, Getxoko Ertzaintzaren dependentzietara bertara zedin eskatu zioten, deklarazioa hartzeko. Joan den martitzenean bertaratu zen. Ondoren, ikerketaren arduradunek atxilotu egin zuten, etxebizitza batean indarra erabiliz egindako lapurreta-delituaren akusaziopean.
Une honetan ikerketak zabalik segitzen du, lapurreta horietan ustez nahastuta dagoen bigarren gizonezkoa epailearen aurrera eramateko. Era berean, atxilotua eta horren laguna Getxon izandako antzeko beste lapurreta batzuetan nahastuta dauden ikertzen dabil Ertzaintza.