Prozesua bi fasetan egingo da. Lehenengoan herritarren proposamenak bilduko dira. Ondoren, Udalak horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko du. Bigarren fasean, getxoztarrek hautatutako proiektuak lehenetsiko dituzte eta, azkenean, herritarrei behin betiko proposamen edo erabakien berri emango zaie.
Imanol Landa alkateak azaldu duenez, "jarduera hori Gobernu Irekiaren Ekintza Planaren barruan dago, udal aurrekontuetan gastu publikoaren konpromisoak identifikatzeko herritarren parte-hartzeko prozesuak egitea aurreikusten duen planean, hain zuzen".
"Era horretan", adierazi du Landak, "auzokideen esku ipiniko da ekarpenak egiteko aukera, urtarrilaren 10etik aurrera udal aurrekontuak egiten diren bitartean. Horrela, Udalak ideia, proiektu, proposamen... horiek guztiak 2017ko aurrekontuetan txertatzeko aukera izango du".
Prozesua
Parte-hartzeko prozesu horren lehenengo fasea urtarrilaren 10etik 25era bitartean egingo da. Epe horretan, ustez egokiak diren ekarpenak egin ahal izango dira, udal aurrekontuan txertatzeko.
Amaia Agirrek Herritarren Partaidetzarako zinegotziak azaldu duenez, proposamenak plantea ditzakete honako hauek: "Getxon erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edozein herritar; bertoko erakundeen erregistroan izena emanda duen edozein erakunde; helbide soziala edo establezimendu iraunkorra Getxon daukan edozein elkarte, fundazio, sindikatu, enpresen elkarte, profesionalen elkargo, zuzenbide publikoko korporazio edota bestelako erakunde, baldin eta nortasun juridikoa esleitu bazaie, antolamendu juridikoarekin bat etorriz".
Gobernu-taldeak (EAJ - PSE) onartutako ildoek ezartzen dutenez, aurkeztu ahal izango dira jarduketa-eremu hauekaz zerikusia duten udal-eskumeneko proposamenak: Berdintasuna, Kultura, Kirola, Sustapen Ekonomikoa, Hezkuntza, Euskara, Gazteria, Ingurumena, Osasuna, Herritarren Segurtasuna, Babes Zibila eta Gizarte Ekintza. Halaber, teknikoki edota ekonomikoki bideragarriak diren proposamenak; jasangarritasun ekonomikoa eta finantzarioa justifikatzen duten proposamenak; interes partikularra alde batera utzita, Getxon bizi diren herritar guztien ongizatea eta interes orokorra gailentzen duten proposamenak; udalerriaren lurralde-oreka bermatzen duten proposamenak; eduki ilegalik, iraingarririk edo diskriminatzailerik ez daukaten proposamenak, eta gastu publikoaren alorrean udal-eskumenekoa den edozein jarduketa eremuri lotuta daudenak.
Amaia Agirrek gehitu duenez, "proposamenak aurkezteko aurreikusi den epea amaitzen denean, udal-zerbitzu teknikoek proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dute. Udalak hautatuko dituen proposamenen behin betiko zerrenda ezagutzera emango du. Horren ostean, Getxoko herritarrek, parte hartzeko beste prozesu baten bidez eta aldez aurretik ezarritako bideak erabiliz, proposamenen lehentasuna ezarriko dute. Bigarren fase hori otsailean egingo da. Hautatutako proiektuak 2017ko udal-aurrekontuaren proiektuan sartuko dira. Prozesua amaitzen denean, itzulketa-txosten bat egingo da hartutako erabakien edo proposamenen justifikazioa barne hartuz".
Nola hartu parte
Aurrez aurre edo online parte hartu ahal izango da:
- Herritarren Arretarako Bulegoetan (HAB) eta Andra Mari, Gobela eta Fadurako kiroldegietan jarriko diren kutxetan erabilgarri dauden inprimakiak betez eta entregatuz.
- Proposamena(k) (eskaneatutako eranskin gisa) helbide elektroniko honetara bidaliz: gobernuirekia@getxo.eus .
- Udal-webgunean erabilgarri dagoen inprimaki digitala betez: www.getxo.eus.
- Algorta, Areeta eta Bidezabal geltokien inguruan jarriko diren postontzietan inprimakia sartuz.
Herritarrek parte-hartze izaerako aurrekontuen esanahia eta ondorioak hobeto ezagutzeko, Udalak informazio hitzaldiak antolatu ditu:
- Urtarrilak 10, 19:00etan : Villamonteko Kultur Etxean (Algorta).
- Urtarrilak 11, 19:00etan : Getxo Elkartegian (Areeta).
- Urtarrilak 12, 19:00etan : Gobelaurre Boluntariotza zentroa (Itzubaltzeta/Romo).
- Urtarrilak 13, 19:00etan : Andra Mariko kiroldegian.
- Urtarrilak 16, 19:00etan : Gobela Ikastola (Neguri)