Euskadik Murtzia mendean hartu zuen, zapatuko finalerdian (84-0), eta domekako finalean Andaluziari irabazi zion (15-13). Lehen zatian, Nerea Agirrek entsegu bi lortu zituen, baina andaluziarrak abantailagaz joan ziren atsedenaldira (10-13). Bigarren zatian, ordea, Euskadik markagailua irauli zuen Anne Fernández de Corresen entsegu bati esker (15-13). Partida bakoitzak 30 minutuko zati bi izan zituen.
Selekzioak jokalari gazte asko izan ditu, baina eskarmentu handikoak, Espainiagaz jardun duten hainbat internazionalak, tarteka. Fredi Ruizek eta Miguel Beltránek zuzendu dute euskal taldea. Ruizen arabera, "helburua ohiko taldeakaz lan egiten jarraitzea" izan da, "hobetzen jarraitzeko". Gogorarazi duenez, selekzioa "gaztea da, baina errugbian eskarmentuduna".
Deialdian Espainagaz jardun duten hainbat jokalari izan da, Nerea Agirre algortarra, Amaia Erbina, Anne Fernández de Corres edo Enara Cacho legez. Horrek bere alde txarra ere izan du: “Espainiak kontzentrazio asko egin du, eta ezin izan dugu jokalari guztiakaz lan egin”, azaldu dute teknikoek.