Joan den astelehenean, goizaldeko 02:00ak aldera, hainbat herritarrek Ertzaintzari ohartarazi zioten Algortako etxebizitza batetik mailukada-hotsak eta bestelako zaratak entzuten zirela, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazi duenez. Hainbat patruila bertaratu, eta egiaztatu zuten etxebizitzako atea itxita zegoen arren, palanka bidez behartuta zegoela. Lurrean plastikozko eranskin txiki bat zegoen. Lapurren talde antolatuek gisa horretako markagailuak erabiltzen dituzte, lapurtuko dituzten etxebizitzetan norbait ibiltzen den kontrolatzeko, polizia-iturriek adierazi dutenez.
Agenteek etxebizitzako giltza lortu zuten, gau horretan kanpoan ziren maizterren senide bategaz harremanetan jarri ostean. Barrura sartzean, ertzainek logeletako batean hiru gizonezko aurkitu zituzten ezkutatuta. Indarra erabilita lapurtzearen akusaziopean atxilotu zituzten. Georgiako hiru gizonezko ziren 29, 32 eta 34 urtekoak; EAEn aurrekaririk ez daukate, baina horietako bat aurretik Madrilen atxilotu zuten antzeko egintza baten ondorioz.
Etxebizitzaren lehen ikuskapen batean, horman sartutako kutxa gotor bat aurkitu zuten, bertatik ateratzeko behartu zutena. Arrastatuek, horrez gainera zenbait bitxi bildu zituzten poltsa batean, eta bitxiak konfiskatu zizkieten. Sarrerako atean erabilitako eranskinaz gain, lapurretan erabilitako materiala eta erremintak ere topatu ei zituzten, eta oinarrizko telefono puskatu bi ere bai, SIM txartel barik. Talde antolatuetako lapurrek horrelako telefonoak erabiltzen omen dituzte, gero apurtu edo botatzen dituztenak arrastorik ez uzteko.
Ikerketa
Ondoren egindako ikerketari esker, ustezko delinkuenteek erabilitako autoa aurkitu zuten etxe horretatik hurbil aparkatuta. Bartzelonan alokatutako autoa zen. Bestalde, lapurrak Bilbon aldi baterako bizi ziren etxebizitza aurkitu zuten ertzainek. Etxebizitza horren barruan, lapurtu beharreko etxebizitzak kontrolatzeko erabiltzen zituzten plastikozko eranskin horietako gehiago zeuden.
Ertzaintzaren iritziz, arrastatuak talde antolatu ibiltari bateko kideak dira. Polizia-eginbideek zabalik diraute, atxilotuak beste lapurreta batzuetan nahastuta egon daitezkeelakoan.
Atxilotuak polizia-dependentzietan egon dira eguaztenera arte; egun horretan eroan zituzten epailearen aurrera. Hiruak aske geratu ziren arren, Espainiako Poliziak geroxeago atxilotu zituen berriro horietako bi, herrialdetik botatzeko agindua baitzuten.