Abian da Getxoko 2017ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren lehenengo fasea

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 10a, 10:21

Gaurtik, martitzenetik, hilaren 25era bitartean, 2017ko aurrekontuen zati bat osatzeko prozesuan parte hartzeko aukera izango dute Getxoko auzokideek. Horretarako, Udalak milioi bat euroko diru-saila esleitu du, aurrekontu-aurreproiektuan aurreikusita dagoena. Prozesu hori Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) eta EH Bilduk hartutako akordioaren ondorioa da. Prozesua fase bitan egingo da. Lehenengo honetan, herritarren proposamenak bilduko dira.

Nola parte hartu

Aurrez aurre edo online parte hartu ahal izango da:

  1. Inprimakiak betez eta entregatuz Herritarren Arretarako Bulegoetan (HAB) eta Andra Mari, Gobela eta Fadurako kiroldegietan erabilgarri jarriko diren kutxetan.
  1. Proposamenak (eskaneatutako eranskin gisa) helbide elektroniko honetara bidaliz: gobernuirekia@getxo.eus
  1. Udal webgunean erabilgarri dagoen inprimaki digitala betez www.getxo.eus/gobiernoabierto
  1. Inprimakia betez eta sartuz Algorta, Areeta eta Bidezabalgo geltokien inguruan horretarako jarriko diren postontzietan.

Aurkeztu ahal izango dira jarduketa-eremu hauekaz zerikusia duten udal-eskumeneko proposamenak: Berdintasuna, Kultura, Kirola, Sustapen Ekonomikoa, Hezkuntza, Euskara, Gazteria, Ingurumena, Osasuna, Herritarren Segurtasuna, Babes Zibila eta Gizarte Ekintza.

Halaber, teknikoki edota ekonomikoki bideragarriak diren proposamenak; jasangarritasun ekonomikoa eta finantzarioa justifikatzen duten proposamenak; interes partikularra alde batera utzita, Getxon bizi diren herritar guztien ongizatea eta interes orokorra gailentzen duten proposamenak; udalerriaren lurralde-oreka bermatzen duten proposamenak; eduki ilegalik, iraingarririk edo diskriminatzailerik ez daukaten proposamenak, eta gastu publikoaren alorrean udal-eskumenekoa den edozein jarduketa eremuri lotuta daudenak aurkeztu ahal izango dira.

Informatzeko hitzaldiak

Udalak informatzeko hitzaldiak antolatu ditu herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen esanahia eta ondorioak hobeto ezagutzeko:

  • Urtarrilak 10, 19:00etan: Villamonteko Kultur Etxean (Algorta).
  • Urtarrilak 11, 19:00etan: Getxo Elkartegian (Areeta).
  • Urtarrilak 12, 19:00etan: Gobelaurre Boluntariotza zentroan (Itzubaltzeta/Romo).
  • Urtarrilak 13, 19:00etan: Andra Mariko kiroldegian.
  • Urtarrilak 16, 19:00etan: Gobela Ikastolan (Neguri)

Informazio gehiago:  www.getxo.eus/gobiernoabierto 

Aurrekontuak osatzeko herritarren iritziak bildu gura ditu EH Bilduk

Getxoko udal aurrekontuak osatzeko prozesu-parte hartzailea abiatuko du berriro ere EH Bilduk. Gogoratu dutenez, iaz hainbat elkartek eta herritarrak parte hartu zuten prozesu horretan, eta egindako hainbat ekarpen martxan jartzea lortu dute, Gobernu-taldeagaz izandako negoziaketei esker.

Auzoetako bilerak:

  • Urtarrilak 16, astelehena. Andra Mari: Alkartetxean.
  • Urtarrilak 17, martitzena. Algorta: Irish tabernan.
  • Urtarrilak 18, eguaztena. Romo/Areeta: Romo Kultur Etxean.
  • Urtarrilak 19, eguena. Aldapan.
  • Urtarrilak 31, martitzena. Azken bilera: Algortako Villamonte kultur etxean.

Koalizio abertzaleak azaldu duenez, urtarrilaren 31n egingo duten azken bilera horretan, aurreko guztietan bildutako ekarpen guztiak azalduko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun