Egitasmo hau, "interes orokorraren fruitua" da; Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) eta PPk sinatutako hitzarmenaren ondorioa. Imanol Landa alkateak adierazi duenez, "proiektuak jasotzen dituen jarduerak gauzatuta, auzo are atseginagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa izango dugu, oinezkoentzako esparruak indartuko baititugu. Azken finean, auzotarren bizi-kalitatea hobetuko dugu, eta auzoko salerosleentzat ere, onura ekarriko du". Halaber, gaineratu du alkateak, "aparkamenduaren arazoari ere irtenbide bat eman nahi diogu, Manuel Gainza parkean lurrazpiko aparkalekua eraikiz".
Proiektuan aurreikusten denez, oinezkoentzako ibilbideak handitu egingo dira; denera, 4.800 metro koadroko azalera edukiko dute (gaur egun, 3.150 metro koadro daude). Bideen azalera, berriz, murriztu egingo da, egungo 4.775 metro koadrotik 3.125 metro koadrora. Aparkalekuei dagokienez, TAO plazak gutxituko dira, 39tik 23ra, baina 243 aparkaleku irabaziko dira Manuel Gainza parkeko lurrazpiko parkingagaz. Eta zamalanerako guneak bere horretan utziko dira.
1. Fasea. Algortako Etorbidea (Telletxe-Torrene tartea)
Hasiera batean, Algortako Etorbidea berrantolatuko dute, fase bitan. Lehenengoan, Telletxe eta Torrene kaleen arteko zatia berrurbanizatuko dute, oso osorik, 4.130 metro koadroko azaleran. Lanek 5 hilabete iraungo dute eta horien aurrekontua 741.000 eurokoa da. Lanen lizitazioa 2017an zehar hasiko da.
Ibilgailuentzat zirkulaziorako bide bakarra egongo da, luzera osoan. Espaloi berriek irisgarritasun araudia beteko dute eta 3,5 metroko zabalera edukiko dute kalearen alde bietan, Andres Cortina eta Telletxe arteko zatian; egokituko diren gainontzeko espaloiek, gutxienez 2 metroko zabalera edukiko dute.
Ilaran aparkatzeko tarteak egokituko dira, kalearen zabalerak uzten duen lekuetan. Eremu guztian zoladura, galtzadako akaberak, espaloiak eta garajeetako sarbideak ere berrituko dira; hiri-altzari berriak (paperontziak...) ipiniko dira; argiteria publiko guztiz berria instalatuko da (LED teknologia daukaten argi-zutabeak); eta saneamendu-sare berria jarriko da.
Hurrengo lanak
Ondoren, 2. Faseari ekingo zaio, Torrene eta Mariandresena artean, 1.640 metro koadroko azaleran. Lehenengo fasean bezala, espaloiak zabalduko dira eta zoladura, hiri-altzariak, argiteria eta saneamendu-sarea berrituko dira, besteak beste. Tarte horrek zamalanerako gunea ere izango du. Lanen iraupena 4 hilabete ingurukoa izango da eta beren aurrekontua 480.000 eurokoa. Lanen lizitazioa eta hasiera 2018an zehar izango dira.
Halaber, Mariandresena kaleko irisgarritasuna hobetuko da, 1.050 metro koadroko azaleran. Bertan, espaloiak zabalduko dira kalearen alde bietan, oinezkoentzako ibilbideen zabalerak bermatzeko, irisgarritasunaren araudiak hala eskatzen baitu. Lanek 3 hilabete iraungo dute eta beren aurrekontua 200.000 eurokoa da. Hor ere, lanen lizitazioa eta hasiera 2018an zehar izango dira.
Proiektuak, bestalde, Euskal Herria kalea oinezkoentzat ipintzea aurreikusten du, Mariandresena eta Amezti kaleen artean; 1.150 metro koadro guztira. Lanek 3 hilabete iraungo dute eta beren aurrekontua 275.000 eurokoa da. Aurreko kasu bietan bezala, lanen lizitazioa eta hasiera 2018an zehar izango da.
Aldi berean, Manuel Gainza parkeko lurrazpiko aparkalekua eraikiko da, 243 aparkaleku edukiko dituen ekipamendua, hiru solairukoa. Guztira, eraikiko den azalera 7.000 metro koadrokoa da. Algortan, txandatze sistemako lehenengo aparkalekua izango da, egoiliar eta abonatuentzat. Sarrera Telletxen izango du eta irteera Bolue kaleko jaitsieran. Lanak egiteko epealdia 2 urtekoa da eta aurrekontua 5.300.000 bat eurokoa, eta kopuru horretatik 2.700.000 euro inguru Udalak ipiniko ditu. Lanen lizitazioa 2017an egingo da.