Benta eraikina biziberritzeko saiakera egingo dute zapatuan

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 18a, 12:27

"BentaraNoa" prozesuaren aurreko bilera bat.

Zapatu honetan, hilaren 21ean, 50 lagun inguru bilduko dira Getxoko Andra Mari inguruan dagoen Benta eraikina berriz eraikitzeko ideia eta giltzarrien marko bat eraikitzeko. "BentaraNoa" ekimena Getxoko Udalak sustatutako ekimena da, Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE), EH Bildugaz, 2016ko aurrekontuetarako egindako akordioaren barruan sartzen dena. "2016ko urrian hasi zen prozesua 2017ko urtarrilaren 21ean amaituko da, Getxo udalerriko 50 lagun inguruk parte hartuko duten entzute- eta hausnarketa-topaketan", azaldu du Amaia Agirre Komunikazio, Herritarren Partaidetza eta Gardentasun Arloko zinegotziak.

Urritik urtarrilera arteko hilabeteetan, "BentaraNoa" prozesuaren bitartez, Udalak gonbidapena luzatu die, besteak beste, udalerriko biztanleei, bertoko historiari lotutako pertsonei, elkarteei, gizarte- edo enpresa-eragileei, beren jakituria parteka dezaten zenbait espaziotan (aurrez aurrekoetan zein digitaletan) galdera, topaketa eta elkarrizketen bidez. "Hilabete hauetan, 70 ordu baino gehiagoko aurrez aurreko elkarrizketak egin dira, eta Benta berriz irekitzeko 200 proposamen nahiz giltzarri baino gehiago bildu dira", azpimarratu du Agirrek.

Ideiak espazioarentzat

Elkarrizketetan parte hartu duten pertsonak Bentan erabilera anitzeko espazioa eraikitzeaz aritu dira; hau da, belaunaldien arteko toki integratzailea, hainbat adinetara irekia, askotariko konbinazioak bilatzen dituena, malgua, eta ezagutzak nahiz bizipenak partekatzea ahalbidetzen duena. Horrez gainera, auzoaren nortasunaren adierazgarri diren kutsuak jaso behar ditu, bereziki euskara eta lehen sektorearekiko kontaktua. Era berean, eraikina elkartzeko erakargarria izateko eta pasaleku izateari uzteko, azpimarratu da tokiak barra mantendu eta jarduera erakargarriak eskaini beharko lituzkeela, betiere gizarte-ikuspegia aintzat hartuz.

Proposatutako jarduerak honako gai hauekaz daude lotuta: ongizatea, elikadura osasungarria, gastronomia, kontsumo arduratsua, prestakuntza, garapen pertsonala, ekintzailetza, turismoa, teknologia nahiz sorkuntza- eta kultura-industriak. Jasotako proposamenak askotarikoak izan dira, erabilerari zein kudeaketa-ereduari dagokionez, baina guztiak bat datoz: horien arabera, garrantzitsuena "Benta irekitzea" da, eta proiektuak "auzoa suspertzeko lehen urratsa" izan behar du. Proiektu honetan, diotenez, "inplikatu egin behar gara".

Topaketa guztiak eta gaitu diren bideetatik jasotako ekarpenak modu ireki eta gardenean partekatzen ari dira, webgunean nahiz sare sozialetan (Facebook eta Twitter). Gauzak horrela, elkarrizketa jarrai daiteke horretarako sortutako espazio digitalean; bertara sar daiteke www.getxo.eus/bentaranoa webgunean eta #BentaraNoa traola erabiliz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun