"Pertsona guztiok hizkuntza bat baino gehiago ikasteko gai gara. XXI. mendean gure seme-alabak 2-3 edo 4 hizkuntza ikastera ailegatuko dira, eta horietariko bat euskara izatea nahi dugu, eta gainera hori maitatzea eta bizitzea ere. Helburu hori lortzeko garrantzitsua da norberak ahal duena egitea lehenengo momentuetatik, hau da, umeekin euskaraz mintzatzeaz gain, ohiturak, entretenimenduak edo materialak euskaraz erraztea", nabarmendu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak.
Lehenengoz, Udalak gurasoei "Emaiozu bizia, dale vida al Euskara" izeneko foiletoa emango die erditzea prestatzeko saioetan. Horretan elebitasunaren abantailak, aholkuak eta sor litezkeen zalantzetarako argibideak azalduko dizkiete gurasoei.Gainera, Udalak "Eman giltza" kanpainan parte hartzen du. Horren bidez, 2017an jaiotako umeei materiala bidaliko die, etxean euskaraz aritu ahal izateko oinarrizko gauzakaz: musika, euskarazko berbak, aholkuak eta abar.
Azkenik, eta berehala helduko den matrikulazio garaiari begira, Udalak hitzaldi bi antolatu ditu Iñaki Eizmendi hezitzaile eta gizarteko adituagaz, seme-alabak eskolaratzerakoan sortzen diren zalantzak argitzen laguntzen saiatzeko. Solasaldiak urtarrilaren 25ean eta 26an izango dira, Zabala eta Romo ikastetxeetan, hurrenez hurren, gaztelaniaz, "No sabemos euskara. ¿Cómo podríamos ayudar a nuestros hijos e hijas" goiburupean.
Gainera, aipatutako hiru ildoei buruzko informazioa eta baita haurren artean euskararen erabilera sustatzen laguntzeko ideiak eta aholkuak ere biltzen dituen foiletoa argitaratu du Udalak. Argitalpena Getxoko etxebizitza guztietara helduko da, asteko Getxoberriagaz batera.