Egitasmo hori Italiako Pesaro hiriak zuzentzen du, eta 500.000 euroko aurrekontua dauka. Getxok "ia 100.000 euro gobernatuko ditu", Udalak zabaldu duenaren arabera. Ekimenean beste lau hirik hartuko dute parte: Gdynia (Polonia), Stropkov (Eslovakia) eta Nancy (Frantzia) eta Dubrovnik (Kroazia).
Datozen 24 hilabeteetan, aipatutako sei udalerriek modu koordinatuan egingo dute lan, ekimen ezberdinak abian jartze aldera. Horien helburua izango da uretako kirolagaz loturiko jarduera fisikoa sustatzea eskola-mailan, klubetan eta kirol amateurraren alorrean. Horrenbestez, sei talde teknikoak lehenengo aldiz elkartzekoak dira Pesaron, datorren martxoan.. Izan ere, herri horretan zehaztuko dira martxan jarriko diren ekintzak, Erasmus+ Sport programaren helburu orokorrak aintzat hartuta; batez ere, osasunera bideratutako jarduera fisikoa eta adin guztientzako kirola sustatzea.
Ondoren, Getxo Kirolak bertoko kirol-elkarteakaz hasiko da lanean, gainerako bazkide eurpearrakaz adosturiko ekimenak abian jartzearren. "Ekimen horien helburua Getxoko auzotarrak" izango direla agindu du Udalak.
Álvaro González Kiroletako zinegotziaren ustez, "orain parte hartuko dugun europar proiektu hau hainbat urtez geroztik udalerrian garatzen gabiltzan lanaren emaitza da; gainera, lan horren ondorioz sari bikoitza jaso dugu: Europako Kirolaren Hiria 2014an eta Europako Kirolaren Hiri Onena 2015ean. Bruselak jarduera fisikoa sustatu gura du osasunagaz lotuta eta guztiontzako kirol-politikak bultzatzen ditu; horrela, zutabe bi horietan oinarritzen da Olatuz Olatu programa. Beraz, programaren bitartez, gure kokapen pribilegiatua aprobetxatu gura dugu, uretako kirolak bultzatzearren”, gaineratu du.