Ekonomia  Getxo 2017-01-25 15:17

Sustapen ekonomiko eta iraunkorrari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Getxon

"Getxo 2020 arlo estrategikoak" izeneko sustapen ekonomiko eta iraunkorrari buruzko jardunaldia egingo dute otsailaren 2tik 15era bitartean, Getxo Elkartegian. Horren helburua da proposamen zehatzak aurrera eramatea, Getxo udalerrirako ezarritako arlo estrategikoetan ekimen ekonomikoak garatzen eta dinamizatzen lagunduko dutenak.

Sustapen ekonomiko eta iraunkorrari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Getxon
Getxo Elkartegia. © GETXOKO UDALA. | Ikusi handiago | Argazki originala

Imanol Landa Getxoko alkateak gogoratu duenez, Udaleko 2016-2019ko Legealdi Planaren helburu estrategikoetako bat da udalerri jasangarria sortzea, bizitzea eta lan egitea posible egite aldera. "Horretarako, hainbat esparrutan lan egingo dugu: aukera eremuak, gaitasunak hobetzea, produktuak eta zerbitzuak, proiektu estrategikoak, komunikazioa eta ekitaldiak, eta gobernantza. Halaber, Getxoko ekonomia sustatzeko elementu estrategikoenen eragin ekonomiko eta soziala aztertzen ari gara Getxoren etorkizunerako. Horrela, baliabide garrantzitsu bat izango dugu erabakiak hartu ahal izateko azpiegiturei, ekitaldiei eta programa estrategikoei buruz", adierazi du alkateak.

Getxoko Udalagaz batera, Bilbao Metropoli 30 elkarteak antolatu du ekimena, eta haren zuzendari orokorra den Alfonso Martinez Cearrak adierazi duenez, "jardunaldi hori entitatearen profesionalizatze proiektuaren barruan dago. Horren bitartez, gure inguruetako profesionalen laneratzea handitzea lortu nahi dugu lan merkatuak eskatzen dituen betebeharrei erantzun ahal izateko, ezagutza teknikoez gain, trebetasuna, konpetentziak eta jarrerak eskatzen dituena".

Egitaraua

Ignacio Uriarte Ekonomia Sustapenerako zinegotziak azaldu duenez, "bost egunean, erakundeetako ordezkariek eta hainbat arlotako profesionalek eztabaidatuko dute eta parte-hartzaileekin sektore horietan jasotako esperientziak elkartrukatuko dituzte. Alde batetik, Getxoko bertoko proiektuei eta, bestetik, udalerrian ikasteko izan daitezkeen kanpoko ekimenei ekingo diete".

Jardunaldiak doakoak izango dira eta, batez ere, esparru horietan lan egin gura duten Getxoko ekintzaileei edo daborduko lanean dabiltzanei zuzenduta daude. Getxo Elkartegiaren instalazioetan izango dira (Areetako Ogoño kaleko 1 zenbakian) 10:00etatik 14:00ak arte.

Jorratzeko gaiak ondorengo hauek izango dira:

  • Otsailak 2. Getxo, espezializazio adimentsua: Sustapen ekonomiko eta iraunkorraren aldeko apustua.
  • Otsailak 7: Getxo IKS:  Industria kultural eta sortzaileen aldeko apustua.
  • Otsailak 9: Getxo, BS: Berrikuntza sozialaren aldeko apustua.
  • Otsailak 14: Getxo KOTI: Kirolaren eta ongizatearen teknologia eta industrien aldeko apustua.
  • Otsailak 15: Getxok turismoaren aldeko apustua egiten du: EGK2 Getxoko etorkizun gastronomikoa kuzinatzen (Tamarises Izarra jatetxean) .

Jardunaldiak jarraitu ahal izango dira Facebooken www.facebook.com/Getxolan  eta Twitterren @Getxolan #GetxoPro. Informazio gehiago eta izena emateko: Getxolan, 94 466 01 40 telefono zenbakian edo getxolan@getxo.eus helbidean.

2017/02/02 - 2017/02/15

Getxo Elkartegia Getxo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa