Hiru kirol talde getxoztar izango dira bihar Kirola Biziz ekimenean

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 25a, 14:36

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura foru diputatua ekimena aurkezten. © BFA

Abrako Itsas Errege Kluba, Getxo Igeriketa eta Jolaseta kirol-taldeak izango dira bihar Kirola Biziz jardunaldian, Deustuko Unibertsitateko klaustroan eta EHUko Bizkaia Aretoa paraninfoan. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du Kirola Biziz ekimena, unibertsitate biakaz batera; bertan, kirol alorrean aukeren gainean berba egingo dute zenbait profesionalek eta enpresak. Gainera, enpresa-azoka eta enplegua bilatzeko aukera izango dira.

Goizean ekitaldiak Deustuko Unibertsitatean izango dira, 09:00etatik aurrera. 13:10ean, Abrako Itsas Errege Klubaren ordezkariek parte hartuko dute naturaren gaineko forum batean, Bizkaiko Surf Federazioa, Mendi Film festibala eta Euskal Motoziklismo Federazioaren kideakaz batera. 15:00etan, ostera, Getxo Igeriketa eta Jolaseta kirol-taldeen txanda izango da, EHUko Bizkaia Aretoa paraninfoan. Igerilarien ordezkariak kirol-taldeen forum batean berba egingo du; Jolasetakoak, aldiz, enpresen topaketan.

Kirola Biziz doako jardunaldia da, eta bere helburua Bizkaian egiten den kirola bistaratzea da Aldundiak zabaldu duenez. Era berean, arlo horrek "ekintzailetza eta enplegua sortzeko dituen aukerak agerian uztea" gura du foru erakundeak. Denera, 30 enpresek baino gehiagok partekatuko dituzte euren esperientziak eta negozio-ereduak. Gainera, lanerako bekak eskainiko dizkiete jardunaldian parte hartu eta curriculuma uzten dutenei. Gunean, 17 stand eta hamar foro izango dira. Ekimena ikasle gazteei zuzenduta dago, eta hala, kiroleko sektorearen aukerak ezagutu ahal izango dituzte jokalekutik kanpo. Baina ikasle gazteei ez ezik, kiroleko profesionalei eta kirolaren munduan lan egiten duten erakundeei ere zuzenduta egongo da ekitaldia.

Ekitaldira joan ahal izateko, ezinbestekoa izango da aurretik Kirola Biziz-en web-orrian izena ematea.

Kirola Biziz jardunaldiaren egitaraua

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun