Gaurko prentsaurrekoan zabaldutako oharra:
"Egunon,
Jakingo duzuenez, gauden Getxoko Tosu landa honetan, Ibarbengoako parkinga eraikitzeko asmoa dute, Getxoko azken landaguneetako bat urbanizatzeko beste urrats bat emanez. Horregatik, hura babesteko helburuarekin, erresistentzia-kanpaldia hasi genuen urtarrilaren 12an.
Aste honetan, Tosun, obrak hasteko lehenengo pausuak ematen hasi dira, topografia lanak eginez eta landa hau hesolez josiz. Hori dela eta, ostegunetik ostiralerako goizaldean, landako sarrerak ixtea erabaki zen. Alde batetik, obrek aurrera jarrai ez dezaten; eta, bestetik, inguruko jendartea obren aurkako mobilizazioetan parte-hartzera deitzeko.
Atzo, landa hau 24 orduz makinei itxita egon zen, auzokideen baimen eta onespenarekin. Egunean zehar, Tosu defendatzeko asmoz, lagun asko hurbildu zen, parkingaren proiektuak daukan aurkakotasunaren adierazle.
Jendea erakartzearen eta borroka zabaltzearen helburuak sobera beteta, estratak ixten zituzten oztopoak kendu dira.
Espazio honetan burujabeak garela frogatu dugu, eta hau ospatu beharra dago. Horregatik, gaur arratsaldean egingo dugun jaialdian parte-hartzerako gonbita luzatzen dizuegu. Arratsaldeko 06:00etan Telletxen ikusiko dugu elkar; eta 08:00etan, Tosun.
Egitarauarekin jarraituko dugu: bihar goizean zuhaitz landaketa egingo dugu, eta arratsaldean auzokide elkarteekin mahai ingurua.
Eskerrik asko bihotz-bihotzez elkartasuna adierazi diguzuen guztioi.
Asko gara eta bizirik gaude!
Gora erresistentzia-kanpaldia!
Gora Tosu!
Tosuko landa askean, 2017ko urtarrilaren 28an".