Santacanak hiru dominagaz amaitu du Tarvisioko Munduko Txapelketa

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 1a, 12:00
Jon Santacana, artxiboko irudian. © BASQUE TEAM

Hiru domina jantzita amaitu dute eski egokituko Tarvisioko Munduko Txapelketa Jon Santacana atleta paralinpikoak eta Miguel Galindo bere gidak. Izatez donostiarra da Santacana, baina Getxo udalerrian bizi da.

Atzo bukatu zen Italian egindako txapelketa eta bikoteak slalomeko proban lortu zuen bere hirugarren domina, zilarrezkoa, 2015eko Munduko Txapelketan lortutako brontzezko domina hobetuta. Santacanak eta Galindok Kanadako Mac Marcoux eta Jack Leitchen atzetik bukatu zuten. Jakub Krako eta Branislav Broznan eslovakiarrek hirugarren postuan amaitu zuten. Aurreko egunetan, euskal herritarrek beste domina bi jantzi zituzten: erraldoian, brontzea; eta jaitsieran, zilarra. Super-konbinatuan Santacanaren eroriko batek urrundu zituen dominengatiko borrokaz, eta laugarren postuan bukatu zuten.
Tarvisioko Munduko Txapelketan 25 herrialdetatik joandako 130 eskiatzailek hartu dute parte.

Hala, Jon Santacanak eta Miguel Galindok 14 domina pilatu dituzte munduko bost txapelketatan (6 urre, 5 zilar eta 3 brontze).

Basque Team fundazioak zabaldu duenez, Tarvision lortutako emaitza onek bikotea motibatu dute 2018an Pyeongchang-en (Hego Korea) egingo diren neguko Joko Paralinpikoei begira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun