RKEren ingurua egokitzeko proiektuak auzoaren balio urbanistikoa "indartuko" du

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 1a, 13:26

Getxoko Udalak Romo Kultur Etxe berriaren ingurua egokitzeko proiektua aurkeztu du, Itzubaltzeta/Romoko balio urbanistikoak "indartuko" dituena, "pertsonentzako espazio handiagoak eta berdegune gehiago sortuz, eta hesi bisualak kenduz", azaldu dutenez. Jarduketa integral horren helburua da ekipamendu soziokultural berria inguratzen duen esparrua egokitzea, "egungo urbanizazioa nabarmenki hobetze aldera".

Proiektua Gobernu-taldeak prestatutako 2016/2019 Legealdi Planean aurreikusten diren lehentasunezko ekintzetako bat da. Udala erakusketa publiko bat antolatzen dabil martxorako, proiektu horri buruzkoa, eta beharrezkoa denean iragarriko da. Hirigintza Batzorde Informatiboan alderdi politikoakaz ere sozializatu dute egitasmoa.

Gune berriak ia guztiz oinezkoentzako den espazioa sortuko du eta urbanizazioan desberdinak diren elementu anitzak sinpletuko ditu. Horrenbestez, Santa Eugenia plaza egungo azalera ia bikoiztu egingo du eta ez da espazio nagusia izango soilik, fatxadako aurrealdeen arteko azalera baizik. Gauzak horrela, gune garbi eta handia sortuko da, inguruari nortasun berria emango diona eta oinezkoentzako "mesedegarria" izango dena. "Ekipamenduak udalerrian izango duen garrantzia nahiz eragingo duen esku-hartze nabarmena aprobetxatuz, eta aintzat hartuz auzoaren bizitzan eginkizun nagusia burutuko duela, Romo Kultur Etxearen ingurua egokitzeko aukera bilatzen saiatu gara. Proposatzen den antolamenduak orain arte izan ez diren inguruko balioak sustatzea ahalbidetuko du, hala nola espazioaren zabaltasuna, bista zabal eta luzeagoak, merkataritzako jarduerak sartzea, etab. Udalerria berritze aldera burutzen ari garen prozesu zabalaren barruan dagoen proposamena da. Oraingo honetan, Romo da berriro protagonista eta prozesuak, zalantzarik gabe, auzoaren biziberritzea bultzatuko du eta bere bizi-kalitatea hobetuko du, baita inguruan aberastasuna sortzen lagundu ere", adierazi du Imanol Landa Getxoko alkateak.

Egoeraren diagnostikoa

Definizioa egin ahal izateko, plazaren ezaugarriei nahiz bere funtzionaltasunari buruzko azterlanak eta erosotasunaren ebaluazio-azterlanak egindako diagnostikoan oinarritu da Udala. Horren ondorioak beharrezkotzat jotzen du plazako elementu desberdin anitzak kendu edo sinpletzea; hori guztia plaza espazio nagusia izan ez dadin. Horren arabera, hesi bisualak kendu beharra dago ere.

Jarduketak

Gaur egun Kresaltzu kaleko edukiontziak lurperatzeko egiten ari diren lanen ondoren, plaza eta ingurua egokitzeko beharrak egingo dira, etapa bitan. Lehenengoa lizitazioan dago orain, eta Santa Eugenia plazan ardazten da, lizitazio-aurrekontua 599.238 eurokoa da (BEZa barne), eta zuinketaren egiaztapen-akta sinatzen denetik 22 asteko egikaritze-epea egongo da. Aldi hori eremu publikora mugatzen da hertsiki: zoladurak, akaberak, lorezaintza-azpiegiturak eta hiriko altzariak.

Bigarrenak hiriko azpiegitura batzuk berritzeari eta alboko kaleetako egokitzapenari helduko die; horrek honakoak hartuko ditu barne: Aurrezki Kutxa kalea oinezkoentzat egitea eta Kresaltzu kalea plazan sartzea. "Gauzak horrela, egun dagoen oinezkoentzako zatia osatu eta lotu ahalko da, Aurrezki Kutxa kaleko luzapenarekin eta Ibaiondo kalearekin elkartu ere. Azken lotura hori garrantzitsua da, Areetako Geltokia plazarekin zein Metroko geltokiarekin lotuko baita", adierazi du Getxoko Udaleko Hirigintza zinegotzia den Joseba Arregik.

"Horrenbestez, berrantolatzeak Aurrezki Kutxa kalearen nahiz Romo Kultur Etxearen fatxadako aurrealdeen eta Ezequiel Aguirre kalearen zein Kresaltzu kalearen mehelinen arteko gune garbia sortuko du; Ezequiel Aguirre kalean ibilgailuak eta oinezkoak aldi berean ibiliko dira, baina oinezkoek izango dute lehentasuna. Gauzak horrela, beste hedadura bat emango zaio inguruari, oinezkoen zirkulazioentzako mesedegarria izango dena", zehaztu du Arregik.

Proiektuaren ezaugarriak

Hori lortze aldera, granito naturaleko zoladura tratatu beharko da eremu guztian, oinezkoek gehien igarotzen dituzten izkina nagusi biak barne. Proposamenak Romo Kultur Etxearen ideia sortzaileari ekingo dio berriz Getxoko amildegiei dagokienez, eta gainerako ingurura zabalduko du, eraikinaren fatxadarantz aurrera egiten duten ur-uhinen itxura daukan zoladuraren zatiketa zirkularragaz.

Egungo parterreak altzairuzko xafladun jardinerengatik aldatuko da, zintarri gisa, baita landareengatik ere; gauzak horrela, gura ez diren instalazioak ezkutatu ahalko dira eta autoen zarata txikiagotuko da; plazaren azpiko airearen irteera jardineraren barruan kokatuko da, eta jardinera horren alboan beste iturri bat jarriko da.

Kresaltzu kaleko zuhaitzak albo batera lekualdatuko dira, gerizpeko guneak izateko, Etxe Merkeen buruhormek plazan daukaten eragina gutxitzeko nahiz urrutiko erreferentziako begi-lerroak garbitze aldera.

Plazako erdigunea garbi mantenduko da; horrela, azoka-eremu gisa funtzionatzen jarraitu ahalko du, eta aurretik askotariko ekimenetarako muntatzen ziren tamaina handiko karpak jartzeko aukera egongo da.

Halaber, jarduketak Romo Kultur Etxeko atzealdeko espazioa egokitzea hartzen du barne.

Aurreikusitako altzariek diseinu-, funtzionaltasun- eta mantentze-irizpideak jarraituko dituzte. Honako altzariak jarriko dira, hain zuzen: Corten altzairuko eskuairen gainean jarritako egurrezko jesarlekuak, Corten altzairuko paperontzi zilindrikoak, iturri bat eta punta-puntako ehun-estalkidun karpa txiki bat, aparkalekuko sarbidearen aldaparen aurrean kokatutako bankadaren gainean.

Gaur egun dauden argiztapen publikoko lau kale-argiak mantenduko dira, baina horiez gain karpara zuzendutako argiak gehituko dira, baita jardineren barruan ere. Bigarren aldian, gainera, argiztapena hobetuko da "eraginkorragoak zein iraunkorragoak" diren ekipoakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun