Pasa den domekan, urtarrilak 29, VII. Distantzia Luzeko (6.000 metro) Espainiako Txapelketa jokatu zen Castrelo de Miñoko urtegian. Raspaseko Virginia Díaz Rivasek jantzi zuen txapela emakumezkoen txapelketa absolutuan, skiff modalitatean, 22.56,6 denbora eginez; Bartzelonako Olimpic eta Sevillako itsas-klubeko ordezkariak gainditu zituen, hurrenez hurren.
Raspasen zilarrezko domina skull bikoitzeko ontziarentzat izan zen, kadete mailan, Aimar Astigarraga Lejarza eta Ander Gómez Beltrán arraunlarientzat, 21.10,1 marka eginez. Proba berean, urrea Club Natacio Banyolesen ontziak eskuratu zuen (20.51,4) eta brontzea Real Círculo de Labradoresek (21.17,4).
Aurreko egunean, larunbatean, XVI. Espainiako Arraun-ergometroko Txapelketa jokatu zen Ribadavia herrian. Jorge Pineda Matabuena Raspaseko arraunlariak urrezko domina irabazi zuen seniorren arraun egokituan, 03.54,4 denbora eginez (1.000 metroko distantzian). Virginia Díazek, bestalde, zilarrezkoa lortu zuen senior kategorian, 07.02,5 denboran 2.000 metroko distantzia eginez.
Gainontzeko arraunlarien artean, podiumera gehien hurreratu ziren Oihane Pardo, Getxo arraun-elkarteko kidea arraun-ergometroko senior kategorian, eta Raspaseko Asier Larrazabal distantzia luzeko kadete mailan. Biek ala biek bosgarren lekua lortu zuten.