"Prozesu horren bitartez, Gobernu-taldea eta EH Bilduren arteko aurrekontuko hitzarmen baten ondorioa dena, ideiak, iritziak eta beharrak ematen dituen eztabaida eragin nahi da. Horregatik Udalak udalerriko emakumeak gonbidatzen ditu foro horretan parte hartzera", nabarmendu du Keltse Eiguren Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak.
Fase biko prozesua
Gogoeta prozesuak fase bi izango ditu. Lehenengoan sakoneko elkarrizketak, eta online eta papereko inkestak egingo dira, Udalak berdintasuna sustatzeko eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan. Modu berean, Emakumeen Etxeen katalogo bat eratuko da, espazio horrek daukan esanahia azaltzeko eta Emakumeen Etxe batek izan ditzakeen aukerak eta ikuspegiak erakusteko. Azkenik, otsailaren 9an, herritar guztioi zuzendutako topaketa egingo da Villamonteko kultur etxean, katalogo hori aurkezteko. Halaber, EAEko Emakumeen Etxe biren esperientziak gonbidatuko dituzte hitzaldia ematera, hau da, Donostiako Emakumeen Etxea (eredu enblematiko eta aitzindaria) eta Hernaniko Emakumeen Etxea (une honetan definizio prozesuan dagoena).
Aurretiazko fasean ateratako ondorioetatik abiatuta, bigarren fasea eramango da aurrera. Horretan udalerriko emakumeei gonbidapena egingo zaie, etxeak eskaini lezakeen inguruko alderdi garrantzitsuenei (dimentsioa, kudeaketa-modua, edukiak eta jarduerak, parte-hartzaileak eta abar) buruzko iritzia ematera. Horretarako, eztabaida-talde bi egingo dira, modu irekian, eta parte hartzea bultzatuz, aipatutako gaiei buruzko gogoeta kolektiboa egiteko. Lehenengo taldea otsailaren 21ean elkartuko da Villamonteko kultur etxean, eta bigarrena, hilaren 23an Gobelaurre Boluntariotza zentroan.
Prozesuari buruzko informazioa, inkestak, katalogoa, hitzaldien kronika eta abar udal webgunean daude eskuragai. Papereko inkestak HABetan eskuratu daitezke, otsailaren 10era arte. "Gogoeta prozesu honek bi fruitu emango ditu batez ere: Emakumeen Etxeen Katalogoa, espazio honen inguruan dauden dibertsitatea eta aukerak erakutsiko dituena, eta dokumentu bat, orain hasiko den gogoeta-prozesutik eratorritako beharrizan eta iritziak jasoko dituena", gaineratu du Keltse Eiguren zinegotziak.