Pertsona nagusientzat "hiri atsegina lortzeko proiektua" martxan ipini dute Getxon

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 8a, 14:12
Elena Coria zinegotziak eta Imanol Landa alkateak aurkeztu dute proiektua gaur. © GETXOKO UDALA

Udalerria "pertsona nagusientzako hiri atsegina" bihurtzea gura du Getxoko Udalak. Horretarako, Getxo Lagunkoi izeneko proiektua jarri dute martxan. Hala, prozesu parte-hartzaile bat abiatuko dute, pertsona nagusientzat lagunkoia izango den hiria diseinatzeko ideiak zehazten laguntzeko.

Joan den ekainean eman zituen proiektuak bere lehenengo urratsak; Getxoko Udalak Nagusiakaz Atseginak diren Europako Hiriei eta Komunitateei buruzko Dublineko Adierazpenagaz bat egitea onartu zuen orduan. Adierazpen hori Munduko Osasun Erakundearen proiektua den Nagusientzako Hiri Atseginen Munduko Sarearen irizpideakaz eta ekintzakaz bat dator. Ondoren, Udalak bat egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Lagunkoi ekimenagaz; zahartzen dabiltzan pertsonentzat bizitzeko gune atseginak sustatzeko mugimendua bideratzeko herritarren, eta alor publikoaren eta pribatuaren partaidetza sustatzen du horrek. "Ondorioz, Euskal Autonomi Erkidegoan adin guztietako pertsonentzako hiriak eraikitzeko lan egiten jarri diren ia 40 udalerrietako bat gara. Helburu hau Legealdi Planaren 47 ekintza adierazgarrien artean dago zehaztuta, eta udala Zahartze Aktiboari lotuta aurrera eramaten ari den estrategiaren barruan kokatzen da, zerbitzuei, egiturei eta inguruei dagokienez, Getxo egokia izan baitaiteke horretarako bere neurriagatik eta beren biztanleen piramidearen ezaugarriengatik", nabarmendu du Imanol Landa Getxoko alkateak.

Une honetan, Getxok 80.000 biztanle inguru dauzka, eta horietatik %31 60 urtetik gorakoak dira (14.094 emakume eta 10.413 gizon). Orain arte abian jarritako jardueren eta zerbitzuen artean daude Eusko Jaurlaritzaren Mugiment ekimena, ibiltzeko hitzorduak, erorketak prebenitzeko tailerrak eta smartphonen erabilerari buruzko saioak antolatzea, eta pertsona nagusientzako ibilbideen eta baliabideen foiletoa kaleratzea.

Hiria eraikitzeko proiektua

Getxo Lagunkoia hiria eraikitzeko proiektua da. Alkateak proiektua jendaurrean aurkeztuko du datorren otsailaren 17an, barikuan, 11:00etan, Algortako Fadura kiroldegiko bilera-aretoan. "Beraz, proiektu bizian sartzen ari gara, amaierarik gabekoan beti hobetzeko aukerak izango dituena, guztiontzako hiri lagunkoiaren aldekoa. Izan ere, pertsona nagusientzat lagunkoia den hiria gune integratzailea eta irisgarria baita, zahartze aktiboa sustatzen duena. Ezin dugu ahaztu pertsona nagusientzat lagunkoia den hiria herritar guztiontzako hiri hobeagoa dela", gehitu du Landak.  

Prozesua

Lehenengoz, udalerriko egungo egoerari buruzko azterketa-diagnostikoa egingo da, hau da, "nola gauden maila kualitatiboan eta kuantitatiboan ezagutzeko". Horretarako prozesu parte hartzailea abian jarriko da, pertsona nagusien iritziak eta emakidak entzuteko, udalerrian topatzen dituzten indarguneak eta ahulguneak zehaztuko baitituzte. Ehun bat lagunek hartuko dute parte, zortzi taldetan banatuta, adin, sexu, dibertsitate funtzional eta bizitoki desberdinak kontuan hartuta. Bederatzigarren taldea zaintzailek, zerbitzuen entitate hornitzailek eta GKEk osatuko dute.

Horiek (eragile taldea osatuko dutenak) zortzi ikerketa-ardatzen inguruko ikuspegia agertuko dute (garraioa, etxebizitza, ehun soziala, errespetua eta inklusioa, herri partaidetza, komunikazioa eta informazioa, osasun eta gizarte zerbitzuak, eta kanpoko guneak eta eraikuntzak). Gai horiek hiru eremutan sailkatuko dira, hau da, ingurune fisikoa, inguru sozio-sanitarioa eta partaidetzako ingurua. Horien zeharka Informazioa eta Komunikazioa eremua ere landuko da. "Nahi duten pertsona nagusi guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera, gizarteko alor desberdinetako getxotarren ezagutza eta eskarmentua eduki nahi dugulako (udalerriko historiari lotutako pertsonak, elkarteak, enpresa- eta gizarte- eragileak, bizilagunak…)", nabarmendu du Elena Coria zinegotziak.

Azterketa horretatik aterako diren ondorioak martxoaren amaieran aurkeztuko dira, eta hurrengo fasea hasiko da I. Lagunkoitasun Plana-Getxo Lagunkoia egiten. Horrek, helburuak eta jokatzeko ildoak bilduko ditu, baita ekimenetarako proposamenak ere. Otsailaren 17tik aurrera webgunea egongo da eta horren bidez prozesuaren berri eta partaidetza moduak ezagutu ahal izango dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun