Jolaseta, Erregina Kopan lehiatzeko prest

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 10a, 10:00

Jolasetako jokalari bat, erasoan. © JOLASETA

Erregina Kopan abiatuko da Jolaseta belar gaineko hockey-taldea, datorren hilabetean. Bestalde, Antonella Bruni jokalari ohia taldera bueltatu da.

Jolaseta belar gaineko emakumezkoen hockey-talde nagusia Bartzelonako Polo taldeagaz neurtuko da martxoaren 17tik 19ra, Espainiako Erregina Kopako final laurdenetan, Kataluniako Sant Cugat del Vallès herrian, Bartzelonan. Hala erabaki zuen Kopako antolatzaileek egindako zozketak. Lipe Morenoren taldeak ondo baino hobeto hartu du zozketa horren emaitza, "gaindi dezakeen arerioa" baita. Jolasetak lau puntu atera dizkio ligan Polo taldeari, eta talde biak azkenekoak sailkatu dira Erregina Kopan parte hartzeko. Hamar puntu dauzka Neguriko taldeak; sei besterik ez, Bartzelonakoak. Pasa den azaroaren 13an jokatu zuten bata bestearen aurka azkenekoz, Jolasetako kirol-instalazioetan. Bina berdindu zuten, eta biek ala biek izan zuen partida irabazteko aukera. Halere, getxoztarrak indartsu mantendu ziren azken minutuetara arte, eta zelaian hobeto moldatu ziren.

Kopako final-laurden hori irabaziko duen taldeak finalaurreko partidan talde katalan bat izango du arerio. Izan ere, Terrassako Egara eta Sant Cugat del Vallès Junior taldeen arteko norgehiagokaren garailearen aurka lehiatuko litzateke Jolaseta, Polo garaituko balu. Finala euskal derbia izan liteke, txapelketaren beste adarrean, Donostiako Real Sociedad taldea dago eta lehian. Hala ere, ez da martxora arte itxaron behar izango derbi hori ikusteko. Izan ere, otsailaren 18an bertan, Reala Negurira etorriko da bisitari gisa, ohorezko ligari berriro ere ekiteko neguaren ostean.

Bruni, bueltan

Aipatutako azkeneko partida horretan Antonella Brunik parte hartuko duen ikusteko dago oraindino, baina jokalari argentinarra Negurin bueltan da. 2014an eta 2015ean legez, lehenengo taldean jokatzeaz gainera, beheko taldeak entrenatuko ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun