Programa horretarako Udalak 230.000 euro inbertitu ditu; hala ere, herritarrek egindako ekarpenek zenbateko hori gainditu dutenez, aurreikusitako zenbait jarduera udal-aurrekontuaren beste aurrekontu-sail batzuen kontura egingo direla jakinarazi du Udalak.
Imanol Landa Getxoko alkateak eta Amaia Agirre Partaidetzarako zinegotziak prozesu horren emaitzei buruzko informazioa eman dute. Jakinarazi dutenez, 2016ko ekainaren 28tik uztailaren 11ra bitartean jaso zituzten herritarren ekarpenak. Ondoren, proposamenak zenbatu, aztertu eta teknikoki baloratu zituzten. "Auzoa entzun ondoren eta iradokizunak aztertu ondoren", esan du alkateak, "bagaude martxan iradokizun horiekin lotuta dauden ekintza zehatzak bultzatzeko. Auzokoek badute eskura jada erantzun eta azalpen argi bat haien iradokizun eta proposamenen inguruan, aurrekontu eta egikaritze-epea zehaztuta".
Landak adierazi duenez, Gobernu-taldeko helburu bat da "herritarrekiko zuzeneko harreman eta komunikazio bide berriak finkatzea, herritarren parte hartzearen bidez, gardentasunaren bidez eta datu irekien bidez". Getxo Txukun programa Gobernu Irekiaren Gida Planaren barruan aurreikusten diren ekintzen artean dago".
Halaber, Imanol Landak esan du "Getxoko Udalak ibilbide luzea du Herritarren Parte-Hartze, Gardentasun eta Open Data gaietan. Azken urteotan, udal arlo guztietan zeharka hainbat organo, plan, programa, egitasmo eta esperientzia garatu dira Getxoko errealitatea ikuspegi ezberdinetatik ezagutzeko eta gardentasunean eta herritarrekiko komunikazioan hobetzeko asmoz".
Prozesuaren emaitzak
Amaia Agirre Partaidetzarako zinegotziak gogoratu duenez, 189 lagunek parte hartu dute "Getxo Txukun. Auzoz auzo, kalez kale" programa honetan. Horren helburua izan da herritarren proposamenak, beharrak eta kezkak zuzenean ezagutzea. 142 herritarrek idatzita aurkeztu dituzte ekarpenak, 27k aurrez-aurre eta 20k online bidez.
Agirrek aurreratu duenez, "Irisgarritasuna eta mugikortasuna" atalean egin diren edo egingo diren jarduketek "zerikusia dute eskaileren, arrapala mekanikoen edota igogailuaren mantentze-lanakaz, eta Bidebarrietan, Salsidun, Kasunen, Bidebitarten, Erredentorren edo Ollarretxen egingo diren hainbat hobekuntza lanakaz".
"Hiri antolamenduan", besteak beste, inguru horretako kaleak, plazak eta bidegorriak birmoldatuko dira, eta neurriak hartuko dira Sarrikobaso kalean erortzeko zorian dauden eraikinei dagokionez. Halaber, proposamenak jaso dira ondorengo gaiei buruz: hiri-altzariak, espaloiak eta kaleak garbitzea, lorezaintza, parkeak eta elkartzeko espazioak … eta zirkulazioa eta bide-segurtasuna hobetzea.