Aratusteak 2017

Getxoko tabernek ordu bi beranduago itxiko dituzte ateak aratusteetan

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 23a, 12:43
Aratusteak Algortan, artxiboko irudian.

Itzubaltzeta/Romo, Areeta eta Algortako ostalaritzako establezimenduen ixteko ordutegia bi orduz luzatuko du Getxoko Udalak aratuste-egunetan, sektorearen ekonomia jarduerari laguntzeko asmoz. Hala, otsailaren 24an eta 25ean eta martxoaren 3an eta 4an, bariku eta zapatuetan, auzo horietako 1 taldeko lokalek (dastalekuak...) 02:30era arte zabaldu ahal izango dute; 2 taldekoek (kafetegiak, tabernak...) 04:30era arte; 3 taldekoek (pub-ak, klub-ak...) 06:00ak arte. 4 taldekoek (diskoketak...) ezin izango dute ohi baino beranduago itxi.

Ekitaldiei dagokionez, barikuan, otsailaren 24an, eskoletako ikasleek kolorez beteko dituzte kaleak, beren eskola-kalejirakaz; 2.500 bat ikaslek hartuko dute parte. Ohi bezala, kalejirak 10:30ean hasiko dira, Romo ikastetxetik eta Sarrikobasoko errotondatik abiatuta.

Eskola inauteriak hasiera emango diote herriko auzo desberdinetan gauzatuko den ekitaldi egitarauari, Algortako eta Itzubaltzeta/Romoko jai batzordeek, Berantzagik eta Itxas Argiak antolatuta.

Egitarauak, herriz herri

Itzubaltzeta/Romon otsailaren 25ean eta matxoaren 4an, zapatuetan, ospatuko dituzte inauteriak; Andra Marin otsailaren 26an, domekan; Algortan martxoaren 3an, 4an eta 5ean izango dira aratusteak; eta Areetan, berriz, martxoaren 4an, zapatuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun